GARA > Idatzia > Euskal Herria

Iruin: «Egoera honen aurrean bide orri berri bat egin behar du ezker abertzaleak»

PPk «blokeo oso oldarkorra» eragin duela eta hurrengo urteetan lege baldintzak ez direla aldatuko uste du Iñigo Iruinek. Horregatik, «bide orri berri» baten alde egin du, Gizarte Foroaren gomendioen bidetik.

GARA | DONOSTIA

Iñigo Iruin abokatu eta ezker abertzaleko kidea luze mintzatu da PPk eragindako blokeoaren eta horri buelta emateko moduaren inguruan ``Berria'' egunkariari emandako elkarrizketa batean. Bertan baloratzen duenez, «gatazkaren ondorioak lantzeko bide teknikoa kolapsatuta dago, eta, denboraren kontrola, Espainiako Gobernuaren esku». Hori dela eta, «nire ustez, berriz diseinatu beharko litzateke egoera honi aurre egiteko modua. Eta hori ezker abertzaleak egin behar du, bere osotasunean. Beste era batera esanda, bide orri berri bat egin behar dugu, eta horren marrazki politikoak oso kontuan hartu behar du zeintzuk diren egungo legezko baldintzak eta baldintza juridikoak. Kontuan hartuta -eransten du- baldintza horiek indarrean mantenduko direla hurrengo urteetan».

Bere hitzetan, «diagnosi erreala» eginez, «Gobernuaren jarreran ez da aldaketa sakonik aurreikusten, eta, beraz, poliki-poliki eta urratsez urrats egin beharko dugu bidea, eta pazientzia handia beharko dugu horretarako, oinak lurrean edukita».

Bide orri berri honi begira, Gizarte Foroaren gomendioak baliagarriak izan daitezkeela uste du Iruinek, «presoen egoeraz diharduten lautik zazpira bitartekoak» hain zuzen ere, «beharrezkoak diren zumeak dauzkatelako». Aldarrikapen bakar bati ez zaiola uko egin behar nabarmentzen du, baina «lehentasunak» ezarri behar direla dio. Lehenengoa, «sakabanaketa eta urrunketa amaitzea».

Euskal presoek jasaten ari diren salbuespen erregimenaren aurrean, Iruinek uste du gainerako presoekiko «tratu berdintasunean» indarra egin behar dela, eta, ondorioz, «aukera izatea beste presoek dauzkaten onura eta erregimen bera edukitzeko».

«Lokazteko» epaiketak

Hainbat auziri buruzko azterketa egiten du Iruinek elkarrizketan. Urritik aurrera epaituko duten herriko tabernen auziak «ziklo honi amaiera jarri nahi zaion ala ez erakusteko balio dezake», esan du, ezker abertzalearen aurka «ad hoc pentsaturiko zigor prozesu baten ezaugarri guztiak biltzen dituelako».

Makroepaiketa hauekin «ezker abertzalea lokaztu nahi dute, putzutik irten ez dadin, gisa honetako epaiketekin nahas dadin eta indarra gal dezan», ondorioztatu du abokatuak.

Iheslarien atxiloketez ere badu irakurketarik Iñigo Iruinek: «Iheslariei abisua eman nahi die Gobernuak, esanez muga zeharkatzen badute atxilotuak izango direla. Alegia, alde bakarreko erabakirik ez dela egongo Gobernuaren filtrotik pasa gabe. Hori da mezua: ez da aldebikotasunik egongo, eta, gainera, oztopoak eta trabak jarriko ditu alde bakarreko urratsen aurka».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo