GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

karakorum | Denboraldi hasiera gogorra

Talibanek mendizaleak izan dituzte jomugan lehen aldiz

Talibanen erasoan, Nanga Parbat igotzeko asmoa zuten 11 mendizale hil ziren: 3 ukrainar, hiru txinatar, bi eslovakiar eta lituaniar, nepaldar eta pakistandar bana. Hala eta guztiz ere, Karakorumeko mendietara abiatu diren ia espedizio guztiek ez dute atzera egin.

p038_f01_199x160.jpg

p038_f02_148x185.jpg

p038_f03_250x160.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Dagoeneko astebete pasa da Pakistango talibanek Nanga Parbateko kanpaleku nagusian erasoa egin zutenetik. Emaitza, 11 hildako: hiru ukrainar, hiru txinatar, bi eslovakiar eta lituaniar, nepaldar eta pakistandar bana. Guztiek ala guztiek zortzimilakoa igotzeko asmoa zuten.

Mendizaletasuna eta oro har zortzimilakoetan egiten diren jarduerak jarraitzen dituzten askok eta askok ezohiko erasotzat jo dute; izan ere, talibanek alpinistak izan dituzte jomugan. Euskal Herrian bizi den Nawaz izeneko errefuxiatu politiko pakistandarrak GARAri adierazi dio talibanen erasoak ez duela ustekabean harrapatu: «Orain mendizale gehienak atsekabetuta egongo dira hildakoak alpinistak izan direlako. Ikuspuntu horretatik normala da, baina kontuan hartu behar dute talibanentzat hildako mendizaleak turistak direla, eta, hain zuzen ere, atzerriko turistak beti jomugan izan dituzte. Orain gertatzen dena da zortzimilako baten kanpaleku nagusian izan dela. Alderdi hori oso lasaia da, eta ez da indarkeria gertaera adierazgarririk izan. Talibanak ez dira inozoak, eta erasoarekin nazioarteko komunitateari `mezua' helarazi nahi izan diote».

Hain zuzen ere, talibanen Junud-ul-Hifa izeneko talde batek hartu du ekintza bere gain, «Pakistango talibanen buruzagi Wali ur-Rehmanen hilketa mendekatzeko». Gogora dezagun joan den maiatzean Ameriketako Estatu Batuetako drone batek (piloturik gabeko hegazkina) buruzagi hori hil zuela.

Nawazek uste du erasoak ez duela egoera aldatuko: «Orain dena bero-bero dago, baina ez dut uste Pakistango Gobernuak neurririk hartuko duenik. Batzuek diote turismoari kalte egingo diola, baina antzeko gertaerak izan dira eta denak berdin jarraitzen du. Nire herrialdeko gobernu kolaborazionistak ez du bitartekorik mendizaleen segurtasuna bermatzeko. Agian, mendizale batzuk hobeto pentsatu eta bolada batez Karakorumekin ahaztuko dira. Baina aurrerantzean ez dut uste Karakorumeko mendietara joatea oso `arriskutsua' izango denik. Bai, talibanak alderdi horietara iritsi dira, baina hauek ere ez dute bitartekorik han geratu eta dena kontrolatzeko».

Nahiz eta oso-oso bitxia izan, ekintza gertatu eta Nanga Parbaten zeuden espedizio guztiak ez dira erretiratu. Hainbat berriemailek diotenez, bi espediziok mendian lanean jarraitzen dute; Diamir isurialdean pakistandar batzuk «Kinshofer» bidetik saiatzen ari dira, eta Rupal alderditik errumaniar talde bat «Schell» marratik.

Espedizio ugari

Nanga Parbatekin batera K2, Gasherbrum I, Gasherbrum II eta Broad Peakek osatzen dute Pakistango zortzimilakoen zerrenda. Herrialde horretako berriemaileek diotenez, espedizio batzuek bertan behera utzi dituzte beren asmoak eta etxean geratu dira. Beste batzuk, ordea, lanean dira.

Alex Txikon, adibidez, K2 igotzen saiatuko da. Lemoarrak hirugarren aldia du munduko bigarren mendi garaienean. 2004. eta 2011. urteetan Chogoriren magaletan izan zen; hain zuzen ere, «Cesen» bidean. Hain zuzen ere, Txikonek marra hori berriro aukeratu du. Zortzimilako bat eskalatzen saiatuko den beste euskal mendizale bat Patxi Goñi dugu. Nafarra GI mendian da.

Pakistango zortzimilakoetan egingo diren jardueren inguruan azpimarratzekoa da Artur Hajzer eta Marcin Kaczka poloniarrek esku artean duten xedea: G1 eta GII lotzea oxigeno artifiziala erabili gabe.

«Erraldoi» horietan dauden helburuak alde batera utziko ditugu, Karakorumeko mendilerroan dauden beste mendi txikiago batzuetan ere mugimendu handia eta kalitatezkoa dagoelako. Lerrootan, bederen, alpinista mediatikoen jarduera interesgarri batzuk aipatuko ditugu; mediatikoak ez direnenak oraingoz zailagoak baitira gurera ekartzeko.

Irakurlea dagoeneko jakinaren gainean dago Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza Paiju Peaken (6.610 m) egiten ari diren lanaz. Euskal Herriko beste eskalatzaile bat, Jose Carlos Delgado Wei Izenik Gabeko Dorrera abiatu da. Kasu honetan nafarra ez da mediatikoa, baina helburu oso ona du: «Eternal Flame» bidea.

Bestalde, Peter Ortner eta David Lama austriarrek Masherbrum mendia (7.821 m) dute helburu. Protagonistok zortzi milatik gertu dagoen mendi horretan 3.500 metroko marra berri bat zabaldu nahi dute.

Hurrengo alpinistek ere espedizio interesgarria antolatu dute. Kyle Dempster estatubatuarra, Simon Anthamatten suitzarra eta Hansjor eta Matthias Auer anaia austriarrak Kunyang Chhish East mendian (7.400 m) saiatuko dira.

Charakusako haraneko paretetan makina bat lagun bilduko dira. Horien artean dira Jon Griffith eta Andy Housman britainiarrak. Esku artean dituzten asmoak: K6 (7.281 m), K7 (6.934 m), Link Sar (7.041 m)...

Italiako «Ragni di Lecco» taldeko hainbat ordezkari Uli Biahora (6.109 m) abiatu dira. Dorre ikusgarri horren hego-ekialdeko paretan kilometro bateko bide berria zabaldu nahi dute. Honako alpinistok osatzen dute espedizioa: Matteo della Bordella, Luca Schiera, David Bacci, Saro Cossta, Silvan Shupbach eta Arianna Colliardek.

Irakurtzen den bezala, talibanen erasoak eragindako 11 hildakoek ez dituzte zapuztu makina bat alpinistaren asmoak.

erasoa

Talibanek hamaika mendizale hil dituzte Nanga Parbateko kanpaleku nagusian. Hala ere, Karakorumera joan diren ia espedizio guztiek lanean jarraitzen dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo