GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

itsasoa

Oakley Pro Bali 2013: WCT zirkuituak norabide berri bat hartu du txapelketa honen ostean

Munduko itzuliko ranking orokorrean aldaketa nabarmenak izan dira Baliko txapelketaren ostean. Joel Parkinsonek irabazi du txapelketa, Kelly Slaterrek rankingeko lehen postua galdu du, eta, egun, Mick Fanning da buru. Aurten ere australiarrak dira nagusi.

p044_f01_250x142.jpg

p044_f03_148x112.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Pasa den ostegunean amaitu zen Indonesiako Bali uhartean egin zuten Oakley Pro Bali txapelketa. WCT zirkuitua osatzen duten hamar txapelketatik bosgarrena. Irabazlea Joel Parkinson izan zen, iaz munduko titulua eskuratu zuen lehiakide australiarra. Aldaketa nabarmenenak, ordea, ranking orokorrean eman dira, izan ere, orain arte buru zen Kelly Slaterrek nagusitza galdu eta Mick Fanning jarri da lehen postuan.

Txapelketak iraun zuen artean olatu onak izan ziren Keramaseko eskuin olatuan, baina, batez ere, azken txandetan izan ziren olatu ederrenak. Bi eta hiru metro arteko olatuetan mota guztietako airekoak ikusi ahal izan ziren. Beteranoen eta gazteagoen arteko desberdintasuna ere agerian geratu zen.

Esperientzia gehien duten lehiakideek olatua urrunago hartzen zuten, eta, jaitsi bezain laster, tubo luzeak egitera arriskatzen ziren. Askotan ez zuten irtetea lortzen, baina bazekiten, lortzekotan, epaileek ondo sarituko zituztela.

Finalean, Michel Bourez tahitiarra eta Joel Parkinson australiarra izan ziren buruz buru. Biek sekulako lana egin behar izan zuten aurreko txandetan aurrera egiteko.

Parkinsonek, esaterako, Taj Burrow eta Josh Kerr aberkideak garaitu behar izan zituen azken txandak pasatu ahal izateko. Bourezek, berriz, beste lehiakide australiar bat garaitu zuen final laurdenetan, hain zuzen ere, lehiakide faboritoetako bat: Mick Fanning.

Txapelketan zehar txanda interesgarri asko izan ziren, izan ere, lehiakideek sekulako ikuskizuna eskaini zuten. Txanda ikusgarrienetako bat Joel Parkinsonen eta John John Florence hawaiiarraren artekoa izan zen. Alde gutxiko tartearekin ibili ziren txanda osoan zehar, sekulako puntuazioak jasotzen, baina Parkinsonek tubo luze eta zail bat egitea lortu zuen eta hamarrekoa jasota bere arerio gaztea garaitu zuen.

Honela mintzatu zen Parkinson: «Garaipen honek aurrera jarraitzeko indar handia eman dit. Bi emaitza txar izan ditut aurreko txapelketetan eta banekien hori alda nezakeela, baina gustura nago orain egin dudalako eta ez geroago. Txapelketa itzela izan da: sekulako giroa izan dugu bai uretan bai uretatik kanpo ere. Gainera, txapela eskuratuta, oraindik eta hobeto».

Ezustekoa, besteak beste, Kelly Slaterren kanporaketa izan zen. Bosgarren errondan C.J. Hobgood estatubatuarrak kaleratu zuen hamaika bider munduko txapelduna izandakoa. Inork espero ez zuen emaitza izan zen, izan ere, Hobgood ezker surflaria da eta askotan esan ohi da bizkarka surf egin beharrak gauzak zailtzen dituela.

Horiek horrela, gauzak asko aldatu dira ranking orokorrean. Egun lehen postuan bi aldiz munduko txapeldun izandako Mick Fanning dago. Bere atzetik, Kelly Slater. Hirugarren postuan, Joel Parkinson. Laugarren, Jordy Smith hegoafrikarra, eta, bosgarren, Taj Burrow australiarra. Beraz, australiarrak dira egun nagusi ranking orokorrean.

Brasildarrek urtea nahiko indartsu hasi bazuten ere, azken bi txapelketetan postuak galtzen joan dira, eta, hala, brasildar batek aurtengo txapelketa irabazteko izan zitezkeen aukerak asko murrizten ari direla esan daiteke.

Hawaiiarrei dagokienean, ez dira asko aurten lehen mailan lehian ari diren surflariak, baina guztien artean ondoen ari dena, dudarik gabe, John John Florence da. Hala ere, itzuliko bigarren eta hirugarren probak galdu zituen orkatilan egin zuen zauri baten ondorioz. Bi txapelketotan punturik bildu ez zuen arren, egun hamalaugarren postuan aurkitzen da. Ez dago batere gaizki.

Estatubatuarren kasuan, aipagarriena Nat Young dela esan daiteke. Aurten munduko itzulian lehen aldiz parte hartzen ari den arren, rankingeko seigarren postuan dago.

Orain, lehiakide guztiak Tahitira begira daude, han izango baita WCT zirkuituko hurrengo txapelketa, itzuliko seigarrena hain zuzen ere. Abuztuaren 15etik 26ra bitartean izango da, beraz, lehiakide bakoitzak entrenatu eta datozen txapelketetan jarraitu beharreko estrategia erabaki beharko du, abuztutik aurrera aurtengo zirkuitua azken txanpan sartuko baita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo