Surflari Ernegatua
Florencetarrak eta nortasuna
John John Florence oraindik oso gaztea da, esperimentatzen ari da, eta behatzen dudan bere bideo bakoitzean gauza berri asko egiteko asmotan dabilela ikusten dut. Florencetarren izaerari eta talentuari osagai berri bat atxiki nien. Agian, txapelketak irabazterako orduan balio handirik ez duena, baina surflari on bat izateko ezinbestekoa: nortasuna
Hale'iwan hasi eta hezi zen. Oahuko irlak bere iparraldean dituen olatu handi eta indartsuen artean. Hiru anaietatik zaharrena, bide propioa ireki behar izan zuen etxean zituen betebeharrak ere bere egiten zituen artean. 8 urte baino ez zituen etxe parean duen Pipelineko olatu arriskutsua lehen aldiz jaitsi zuenean. Hiru urte geroago Waimean zen, pintxo luze batekin surf munduan historia ilunena duen olatua jaisten. 13 urterekin Koroa Hirukoitza osatzen duten Pipeline, Hale'iwa eta Sunseteko txapelketetan inoiz parte hartu duen lehiakide gazteena izan zen. Eta ordutik hainbeste dira egin dituen itzelezko gauzak, non zerrendatzen hasteak luze joko ligukeen.
John John Florence gazte hawaiiarraz ari naiz. Egun munduan den surflaririk onenetakoa bat, dudarik gabe. Aurten ez bada, datorren urtean munduko txapela eskuratzeko aukera asko dituen lehiakidea.
Aspalditik jarraitzen ditut hawaiiar honen pausuak. Hasiera batean bere estiloa ez nuela maite ere aitortu behar dut, gogorik gabe surf egiten zuela uste bainuen. Baina ez da horrela, oraindik gaztea da, eta ikusten dudan bideo bakoitzean oraindik gauza berri asko egiteko asmotan dabilela ikusten dut. Surflari on batek behar dituen osagai guztiak ditu: talentua, ausardia, apaltasuna, lanerako gogoa eta egiten duena maitatzea.
Orain zenbait urte Thurson (Eskozia) urtero izaten den ur hotzetako txapelketan zen nire lagun bat eta hark kontatutakoa irudikatzen dut Florence surf egiten ikusten dudan bakoitzean. Ura zortzi gradutan dagoen leku bat irudikatu behar duzue. Hiru anaia txiki, hirurak ilehoriak, argalak eta biziak, 8 eta 15 urte artekoak.
Anaia txikienak uretako oinetakorik ez duela nahi esaten dio amari. Jarraian, bere anaia batek, eskularruekin ez duela surf egingo erantzuten du. Anaia zaharrenak eta amak, elkar begiratu eta irri egiten dute. Azkenean, hiru anaiak errenkan itsasoratzen dira, Dalton anaien gisara. Lehenik John John, ur jantzi lodia, txapela, eskularruak eta oinetakoak dituela. Atzetik, bere bi anaia txikiak, eskularru, txapela eta oinetakorik gabe. Minutu batzuen buruan dar-dar batean atera ziren haurrak uretatik, baina ez zen kexarik, izan ere, haien amak esan zien moduan, «horrela ikasten da».
Haien haurrei haien kabuz ikasten uzteko bidea irekitzen duten gurasoak miresten ditut, bai baitakit ama batentzat haren semea sufritzen ikusteak ez duela gozoa izan behar. Kontatutakoa pasarte txiki eta bitxi bat baino ez da, baina, lagunak hura kontatu zidanean, Florencetarren izaerari eta talentuari osagai berri bat atxiki nien. Agian, txapelketak irabazteko orduan balio handirik ez duena, baina surflari on bat izateko ezinbestekoa: nortasuna.