GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

josebe egia

Justizia egin da

Beste behin, Berlusconi. Oraingoan, baina, ohi ez bezala: auzitegiak kondenatuta, baina gogor. Epaiketak, edo epai kaltegarriak, saihesteko aparteko abilezia izan duen Italiako politikari famatuenak ezin izan dio iskin egin oraingoan kondena gogor, behar bezalako, bati. Delitu guztiak ez baitira berdinak, eta beste batzuetan diruaren ibilbide nahasgarriak lagundu izan badio ere, kasu honetan delituek ez dute itzalik: botere abusua eta adin txikikoak prostituziora bultzatzea.

Ziur nago horietako aurrenekoak ez duela eragin jendartean aparteko eskandalurik. Denok dakigulako politikaren munduan joko garbia eta zintzotasuna, eta umiltasuna, benetako harribitxi bakanak direla, alegia, mundua mundu denetik boterea luzaroan edukitzeak usteldu egiten duela pertsona, norberaren buruaren gaineko fantasia lurretik gero eta urrunago batean isolatu, eta heltzen dela une bat non ikuspegia galtzen den, politikak eta bertan jarduten duten langileek bete beharreko funtzioaren ikuspegia. Berlusconiren eta hemen bertan ditugun askoren delitu horrek, botere abusuak, gehiago eskandalizatu beharko gintuzke, herritarrok, presio jasangaitza eragitera bultzatu beharko gintuzke, baina agian ohituraren poderioz, agian badugulako geure ahalegina eta kezka zer beste gauza garrantzitsuagoetan jarri, edo agian uste dugulako azkenean nola edo hala jende horrek beti lortzen duela ekiditea gainerako biztanleriak jaso dezakeen justiziaren zama, ez zaigu aparteko konturik iruditzen.

Berlusconiri egotzitako bigarren delitua, ordea, beste gauza bat da. Eta horrek bai, horrek eragin zituen bere garaian, duela pare bat urte, azaleratu zenean, eskandalua, haserrea eta erreakzio ugari Italian. Batik bat emakumeek, azkenean zapalduak izateaz nazkatuta eta politikariari guztia onartu ezin zaiola-eta zer edo zer egiteko premian, manifestazioak egin zituzten, luze eta zabal idatzi zuten haren irudia puskatzeko. Izan ere, hori izan du bere alde Berlusconik: luzaroegi lortu izana latin lover eta boterearen erotikotasun saihestezinaren biktima alai irudia ematea. Alegia, berak nahi gabe emakumeak barra-barra hurbilduko balitzaizkio bezala, heldu zein gazteak, baita gazte-gazteak ere. Baina gazte horietako baten ekintzen ondorioz aitona xaloak kolokan sentitu zuen bere burua, bere posizioa zalantza barik baliatu zuen, kontuak eztanda egin zion aurpegian eta etengabe saldutako bere itxurakeriazko bizimodua goitik behera puskatu zitzaion, jakina zenari erantzuteko auzitegi baten aurrean eseri behar beste erremediorik geratu ez zaion arte.

Eta merezitakoa jasota altxa da aulkitik politikarietan harro, manipulatzaile eta matxistenak. Eta hedabideetan batik bat Italiako Gobernuaren desoreka ekar dezakeela nabarmendu duten arren, oso atzean utzita politikan sekula berriro ez jardutea dela politikari zikinek espero dezaketen gutxienekoa, Italiako jendartea, eta bereziki emakumeak, apur bat duinago eta babestuago daude gaur. Ez da Berlusconiren kontrako erasoa; justizia deitzen da. Eta, tarteka, berdintasunez banatzen da. Politikari zein nekazari izan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo