GARA > Idatzia > Euskal Herria

Festa ereduen inguruan hausnartzeko «Kale jira!» dinamika aurkeztu dute

p014_f02.jpg

GARA | IRUÑEA

Iruñeko Gazte Peñak, Baionako Gazte Asanbladak, Gasteizko Gazte Karpak, Donostiako Eskifaia Gazte Kofradiak eta Bilboko Kaskagorri Konpartsak “Kale jira!” dinamika aurkeztu dute. Erreminta honen bitartez, Baiona, Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñeko jaiak aztertuko dituzte festa eredu ezberdinak ezagutu eta ospakizun eredu ezberdin horietatik abiatuta hiriotako jaiak nola antolatzen diren ezagutzeko. Azken helburua, auzolanean oinarritutako jai eredu berri bat bultzatzea litzateke.

Bost gazte mugimenduetako kideek adierazi dutenez, gazteek festen testuinguruan ere jartzen dituzte praktikan berezkoak dituzten antolaketa ereduak. Ildo horri jarraiki, «herritarrak ikusle izatetik subjektu izatera pasatzea» da dinamikaren xedea. Hala, lekuan lekuko jai antolaketa ereduak ezagutzeko asmoz, aurrez aipatutako bost hiriotatik bira egingo dute, hiriko jaien eta auzo dinamiken antolaketa ezagutzeko. Ekimen honek indarrean den festa ereduaren inguruko hausnarketa sakona aktibatzea du helburu nagusi.

Birako hitzorduek bost hiriotako festa nagusiekin bat egingo dute. Lehendabiziko hitzordua Iruñean jarri dute, uztailaren 11n, San Fermin jaien zoramenaren erdi-erdian. Baionan uztailaren 27an izango dira, Gasteizen abuztuaren 7an, Donostian abuztuaren 13an, eta, Bilbon, azkenik, abuztuaren 19an.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo