GARA > Idatzia > Euskal Herria

Espero baino boto gutxiago atez atekoaren aurkako galdeketetan

Atez atekoaren kontrako galdeketetan espero baino parte hartze baxuagoa izan dela onartu dute antolatzaileek. Eman dituzten datuen arabera, parte hartzea %35ekoa izan da Anoetan, %40koa Iruran eta %36koa Villabonan. Atarian egon diren herritarrek zifra baxuagoak eman dituzte. Ordizian, antolatzaileek %40ko parte hartzea aipatu dute, eta, ikuskariek, %31koa.

p012_f01.jpg

Maider EIZMENDI |

«Espero genuena baina parte hartze txikiagoa izan da». Hala mintzatu zen Tolosaldea Txukun plataformako eledun Patxi Amantegi, hautestontziak itxi eta zenbaketa egin ostean Villabonan egin zuen agerraldian. Eskaini zituen datuen arabera, Iruran 464 pertsona joan ziren bozkatzera; Anoetan, 498; eta, Villabonan, 1.625. Hiru kasuetan, ia boto gehienak -493 Anoetan, 457 Iruran eta 1.613 Villabonan- bosgarren edukiontziaren aldekoak izan ziren, atez atekoaren aldeko eragile eta herritarrek galdeketan ez parte hartzeko deia egina zuten eta.

Amantegik azken astean udaletatik egin den presioari egotzi zion parte hartze baxua, bai eta atez atekoa jada martxan egonda edota jartze bidean izanik, jendeak galdeketara bertaratzeak ez zuela «ezertarako balioko» pentsatzeari ere. Gogoratu behar da, izan ere, Anoetan eta Iruran pasa den ekainaren 17an jarri zela abian atez atezko bilketa sistema, eta, Villabonan, berriz, edukiontziak banatu dituztela jada eta datorren astean jarriko dutela martxan.

Amantegik aurreratu zuenez, galdeketetan izandako emaitzak notarioarengana eramango dituzte orain. Ostean, herriotako alkateei helaraziko dizkiete. «Uste dugu emaitzok badirela hau guztia atzera botatzeko adinakoak», iritzi zion, nahiz eta onartu aurretik jasotako sinadura kopuruaren azpitik geratu direla.

Boto delegatua emateko aukera izan da asteburu honetan ere, nahiz eta pasa den astean irregulartasunak izan ziren Zizurkilen Tolosaldea Txukun plataformak bultzatutako galdeketan. Amantegik adierazi zuen pasa den astean baino «zuhurragoak» izan direla, baina orduan izandako «gabezia tekniko berak» izan dituztela berriz ere.

Hala eta guztiz ere, galdeketa modu zuzenean gauzatzen ote zen aztertzeko ikuskari lana egin nahi izan duten herritarrei ez diete asteburu honetan ere horretarako baimenik eman. Plataformatik jasotako ezezkoaren aurrean, hain zuzen ere, Anoeta, Irura eta Amasa-Villabonako atez atekoaren aldeko herritar taldeek hauteslekuetako atarietan jartzeko erabakia hartu zuten larunbat goizean. Euren helburua, botoa ematera gerturatutako pertsona kopura zenbatzea.

Hauteslekuak itxi ostean, zenbakiak eman zituzten atez atekoaren aldekoek ere: Anoetan 445 pertsona zenbatu zituzten; Iruran, 441; eta, Villabonan, 1.533. Hiru herrietan, ordea, nabarmendu nahi izan zuten kopuru horien baitan badirela behin baino gehiagotan bozka-lekura sartu direnak edota herritarrak ez direnak. Halaber, botoen zenbaketetan ez dietela egoten utzi salatu zuten, Iruran zehazki, besterik gabe, «bozketako emaitzak onartu» behar zituztela argudiatuta.

Anoetan herri ikuskaritza egin nahi izan duten herritarrak gustura agertu ziren euren zifrekin eta «herritarren gehiengoa atez atekoarekin jarraitzeko prest eta gogotsu» dagoela adierazten dutela ohartarazi zuten.

Arratsaldeko seietan itxi zituzten Ordiziako Herri Ekimenak antolatuta egin den galdeketako hauteslekuak ere. Goierriko herri honetan utzi diete Bilduko kideei ikuskaritza lanak egiten, baina, hala eta guztiz ere, batzuek eta besteek emandako ehuneko eta zenbakien artean aldeak daude, besteak beste, kontuan hartu duten errolda desberdina delako.

Zenbaki dantza, Ordizian

Antolatzaileek 7.008 boto-emaile jasotzen dituen errolda hartu dute oinarrian, eta 2.838 pertsona joan direla asteburuan boza ematera azaldu dute; horietatik 2.765 bosgarren edukiontziaren alde agertu dira, eta, 40, atez atekoaren alde. 30 nulu ere izan dira.

Ikuskari lanak egin dituen Ordiziako Bilduk emandako datuak 18 urte baino gehiago herritarrek osatutako errolda hartu du aintzat, antolatzaileek bozkatzeko eskubidea horiei guztiei aitortu diete-eta. Halaber, boto delegatua ez dute euren zenbaketetan jaso, «kontsulta antolatu den moduan, boto delegatuak ez duelako bermerik» Bilduko kideen ustez. Hala, zuzenean emandako botoen kopurua 2.488koa izan dela jakinarazi zuten, erroldaren %31 hain zuzen ere.

Herri Ekimeneko ordezkari Jokin Iturriozek, hausnarketa sakonago baten premia dagoela aitortu arren, positibotzat jo zuen galdeketaren joana eta datozen egunetan emaitzak Ordiziako Udalera eramango dituztela aurreratu zuen.

Ordiziako Bilduk ez zuen sartu nahi izan prozeduraren balorazioan, ezta «zein mailataraino izan den zorrotza edota garbia» balioztatzen ere. Halaber, gogora ekarri zuen berriz ere mahaietan egon behar izan dutela ezinbestean, antolatu duten herri galdeketak ez dituelako, beren ustetan, beharrezko berme demokratikoak betetzen eta «emaitzen balorazioa egiteko datu zuzen eta garbiak eduki» behar dituztelako.

herritarrei deia

Sistemarik eraginkorrena dela sinetsita, Irurako atez atekoaren aldeko herritar taldeak, galdeketak eta aurreiritziak albo batera utzi eta sistemari aukera bat emateko deia egin du.

Jaietan sortzen den zaborra murrizteko ekimena Donostian

Donostiako Zero Zabor taldeak eta auzoetako jai batzordeek elkarlanean lan egiteko asmoa erakutsi dute jaietan ere zero zabor filosofia sustatzeko. Jaietan «zabor kopuru izugarriak» sortzen direla nabarmena dela azaldu dute, eta, hala, hori eragozteko konpromisoak hartu nahi dituztela jakinarazi dute.

Horiek horrela, jaietan sustatuko dituzten neurrien artean hondakinen murrizketa eta birziklatzea izango direla ohartarazi dute, baita berrerabilpena ere. Gogora ekarri dutenez, hainbat jai batzordek hartu dituzte jada neurriak alor honetan eta horiek orokortu eta zabaltzea da euren asmoa, «bidea luzea izango dela jakinda».

Jai eremuaren garrantzia ezagututa ere, dituzten asmoak festetatik harago doazela aurreratu dute: «Jaietan parte hartzen dugunon artean ohitura hauek gutxika sustatuz, herritarrengan eragitea eta konpromiso hauek jaietatik egunerokotasunera hedatzea da helburua». Bide horretan, Donostiako Udalarekin elkarlanean aritzeko asmoa ere erakutsi dute.

Azkenik, herritarrei deia luzatu nahi izan diete Donostiako jaietan parte har dezaten eskatzeko, eta, halaber, zero zabor filosofiarekin bat egiteko. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo