GARA > Idatzia > Kultura

UDATE

EHZ, Garroako zelaien xarmak liluratuta

Antolatzaileak pozik eta festibalariak gehiago: Euskal Herria Zuzenean festibalak arrakastaz itxi du Lekornen hasi berri duen aroa. Zahar eta gazte, kuadrillan, familian edo bakarka, 12.000 lagun inguru izan dira Garroapean dantzari.

p055_f01_251x161.jpg

p055_f02_142x173.jpg

p055_f03_213x121.jpg

A. BILBAO

Azken jarduna zuen atzokoa EHZk, jaialdietan goibelena izan ohi dena. Bertarako bidean garela makina bat festibalari dira jada etxerako bidean -frantsez gaztetxoak asko- baina aparkalekuak lepo dira. Zer gertatzen da? Igandea dugu, ohiturazko herri bazkaria antolatu dute laborariek, eta berez etxekoia bada EHZ, atzo inoiz baino gehiago; inguruko euskaldunak hemen dira, gazteak zein nagusiak, familia giroan asko. Eguzkiak ere egin du bere agerpena, bete dira pentzeak eta ederra dugu eguna. Konturatu orduko eta lagun giroan, joana zaigu Lekornen, Jean Elizalde orain 50 hamar urte zendu zen Gerezieta auzoko pentzeetan egin den EHZ. Erretore euskaltzainak, besteak beste, «Kantari berria» idatzi zuen. Eta izan dira egunotan mordoa, Garroa jauregiko itzalaren babesean abeslari.

Festibala bukatzearekin bat, bilana egiteko profitatu du EHZko antolakuntzak. «Ez du ematen ondo pasa dugunik gure aurpegiak ikusita, baina pozik gara», adierazi zuen festibaleko arduradun nagusiak; egiaz akiturik ziren Garroa jauregiaren atzealdean, festa gunea atzean zela, egin zuten agerpenean.

Lekorneko lehen EHZk 12.000 bisitari inguru izan ditu guztira, «jendeak erantzun du». Zenbakiak, beraz, Heletako azken edizioaren antzerakoak dira. «Kontuan hartu behar da, ordea, lehen aldia genuela hemen eta planteamendua ere berria dela nolabait».

Kopuruak eman baino lehen, baina, Lekorneko herriari eta lekondarrei eskerrak emateko baliatu zuten agerpena. Herriko auzapeza ere, bere aldetik, pozik azaldu zen, herritarrek festibala ondo hartu dutela-eta. «Elkarrekin eta konfiantzan egin dugu lana, urte osoan harreman sakona sortu dugu, eta giro oso ona sortu da. Fier gara gure herria hautatu izanaz, lehen nekazaritza biologikora bideratuak ginen, orain baita kulturara ere».

Eskerrak baita, antolakuntzaren aldetik, Euskal Herriko zazpi herrialdeetatik etorritako ehunka laguntzaileei ere, «beraiek gabe ezin. Haiek biziarazi dute EHZ... eta lan aunitz da aurten, festibalaren aurretik eta atzetik ere». Aspektu horretan, nabarmentzekoa da teknikoki ere gune guztia berriro egokitu beharra dutela orain.

Garroa jauregiko zelaietan izan da aurten festa gunea, «eta publikoak estimatu du kokagune berria». Egitarauari dagokionez, «nahasketa ederra izan dugu». Gauetakoari erreparatuta, Baleapop eta Usoapop jaialdi txikiekin egindako elkarlana ezagutaraztera eman zuten -beraiek kudeatu dute Gerezieta gunean gauean izan den programazioa-, eta maila orokorragoan, «Euskal Herriko eszena bizia dela frogatu da beste behin ere», azpimarratu dute harro.

Eguneko egitarauari dagokionez, «ohartu gara badela publikoa, segitzen duena egitaraua eta plazer hartzen duena dantza eta karrika ikuskizunetan ere, batzuetan familia giroan gainera».

Festibalaren gakoetako bat auzolana denez, aurtengo mintzaldiak gai bera izan dute ardatz. «Erakutsi nahi genuen ez ginela bakarrak eredu horretan, eta 25 egitasmo ezberdin aurkeztu ditugu. Trukatze oso aberasgarria izan da, behin baino gehiagotan eztabaida piztu duena». Grabatuak izan dira gainera gogoeta gunean esanak, eta streaming bidez zuzenean jarraitu ahal izan dira (eta izango dira) www.ehz-festibala.eu atarian.

Bilanarekin bukatzeko Iñaki Viquendik Artean egitasmoaren berri eman zigun. Ddiddue Etcheberri eta Pette Echevariarekin batera -kanpoan Arte Ederrak ikasi eta Euskal Herrira itzulitako artistak hirurak ere- Atizane atseden gunea apaintzeaz arduratu dira, espazio naturala birdiseinatuz. «Lehen urratsa izan da, hausnarketa bat proposatu dugu gune naturala eraldatu eta jendearen beharrizanei erantzuteko, artearen bidez».

Kokagune berria, aukera anitz

Kokagune berria izan du EHZ festibalak 18. edizio honetan. Lekornek aukera berriak ematen ditu, bai musika entzuteko bai antolatu diren ekintza guztiak erosotasunez burutzeko ere. Herri baten kaskoak ematen duen babesa alde batera utzita, metro gutxiren bueltan, eszena ezberdinez gozatzeko aukera eskaintzen du Lekornek, betiere, gainera, paraje eder baten gerizpean.

Festibaleko antolatzaileek erabilitako estrategia azken urteetako berbera izan da. Agertoki nagusian izan dira talde ezagun eta puntakoenak. Karparen azpian, berriz, euskal taldeak eta proposamen berriak. Hirugarren eszena bat ere izan da, Gerezieta izenekoa, Usopop eta Baleapop festibalekin elkarlanean. Azken gune hori, minoritarioa izan arren, biziki interesgarria izan da. Eta hori guztia lotzen, orkestrak, elektrotxarangak eta kale animazioa.

Festibaleko talde nagusiek ederki bete dute beren papera. Fermin Muguruza, Jimmy Cliff, Etienne de Crecy edota Keny Arkanak jendetza mugitu dute. Bi agertoki nagusien arteko aldea nabarmena da. Aukeran, handia handiegia suertatzen da askotan, eta, era berean, karpan aritzen diren talde askok tokia izan zezaketen bertan, karpak ikusleak erakartzeko askoz ere zailtasun handiagoak baititu. Alta, bertan bizi izan dira kontzerturik beroenak, Anestesia, Willis Drummond, Belako edota Capsularen saioak latzak izan baitira.
Euskal taldeen presentzia handia izan da aurtengoan, hogei taldetik gora aritu direlarik zuzenean. Gainera, musika egitasmo berriei bide eman zaie Belako, Poligorn, If Renaud Was a Punk edota Herri Oihua bezalako taldeak programatuz.

Musikalki, berriz, Euskal Herria Zuzenean festibalean ohikoa den legez, aniztasuna erabatekoa izan da. Jimmy  Cliffen reggae berotik, Anestesiaren metal oldarkorrera igaro daiteke minutu gutxian. Azken urteotako joerari segika, giro elektronikoak nagusitu dira gauak aurrera egin ahala, Elisa do Brasil DJaren musika dantzagarria horren adibide argia izaki. Koldo OTAMENDI

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo