Estatuaren itxikeriaren aurrean, elkarlana euskal gizartearen eskakizun eta premia da
Goiz da EAJren eta Sorturen arteko elkarlanaz, gutxieneko elkarlanaz ere, hitz egiteko. Baina albiste ona da bi alderdion ordezkarien batzarraren ondoren jakinarazi zuten jarrera, akordioak lortzeko bi aldeek erakutsitako prestasuna, hain zuzen. Oraindik dena eginkizun dago arlo horretan, baina baldin atzoko batzarra bi indarren arteko harremanen fase berri baten abiapuntua bada, interes alderdikoien gainetik herri honen behar eta eskakizunei begira lan egiteko fase baten hasiera bada, jarraipena izan dezan baino ezin da opa nazio ikuspuntutik. Izan ere, Estatu espainiarraren itxikeriari aurre egiteko euskal indarren gutxieneko adostasuna beharrezkoa da. Eta atzo EAJ eta Sortu bat etorri ziren diagnosi orokorrean; alegia, gatazkaren konponbideari eta erabakitzeko eskubideari dagokienez, Estatuak ez daukala euskal herritarrei zer eskaini.
Albiste ona da prestasun hori, norberaren komenientziatik harago joan beharko luketen akordioak ehuntzea herri honen eskakizuna ez ezik, premia ere baita. Bidea egiteke baina seinalatuta dago, eta euskal alderdiek badakite bide horretan aurrera egiteko gauza badira, gizartearen gehiengo handia izango dutela ondoan.