Larunbatean zabaldutako Lekeitioko gaztetxea hustu du Ertzaintzak
GARA | LEKEITIO
“Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza”-k jakinarazi zuenez, atzo goizean goiz sartu ziren ertzainak larunbatean Lekeitioko gazteek okupatu zuten fraideen eraikina hustera. Gazte asanbladako kideek kontatu zutenez, 21 lagun zeuden gaztetxean gaua pasatzen, eta, 07.30ak inguruan, herritar batzuek deitu zieten Ertzaintzaren bost furgoneta Miloitik behera zihoazela abisatuz.
Bederatzi furgoneta bertaratu ziren guztira. «Astirik be ez digu eman ia, konturatu garenerako atea jotzen zeuden», adierazi zuten gazteek. «Atea zabalduko geniela esan diegu, baina berbetan hasi orduko atea bota eta sartu egin dira», gaineratu zuten. “Aupa gazteak!”, “Herri bat, gaztetxe bat!” eta “Okupazioa!” leloak ozen entzuten zirela, txalo artean atera zituzten okupatutako eraikinetik 21 gazteak. Jarraian identifikatu egin zituzten.
Lorpena
«Lekeitiokoa eta lekeitiarrena izango den gaztetxea daukagu herrian». Pozarren zeuden larunbatean gazteak. Urteetan hutsik egon den fraideen etxea okupatu berri zuten, eta eraikina auzolanean moldatzeko eta guneari bizia emateko irrikaz zeuden.
«Azken urtean herritik eta herriarentzat izango den proiektua garatzeko beharrezkoa dugun gune bat izatea aldarrikatzen ibili eta gero, azkenean lortu dugu», azaldu zioten gazteek “Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza”-ri. Eraikina okupatu eta gutxira, aldiz, Ertzaintza agertu zen gazteak bertatik botatzeko. Larunbatean egiterik izan ez zutena, atzo egin zuten.