GARA > Idatzia > Kirolak> Tour

Amets TXURRUKA | Caja Rural taldeko txirrindularia

Txirrindularitza eta ekologia


 

Atzo Markel Trek etxearen filosofia bereziaz aritu zitzaigun, ingurumenarekiko duen ardura azpimarratuz. Hari horretatik tiraka jarraituko dut, eta, hala, txirrindulariok azkenaldian egindako ahalegina aipatu nahi dut. Gaurko -atzoko- etapa ikusten nengoen bitartean detaile txikietan jarri dut arreta eta tropeleko kide gehienok ohitura berriak ongi barneratu ditugula ikusteak poz handia eman dit.

Eguneko ihesaldian zela urik gabe geratzen ari zela konturatu denean, Romain Sicardek taldeko autoari deitu eta hutsik zeukan bidoia bide bazterrera bota beharrean auto barrura bota du. Txirrindularitzan geroz eta errotuago dago hurrengo egunetan berrerabili ahal izateko bidoiak autora bueltatzeko ohitura. Lasterketaren egoerak hori ahalbidetzen ez baldin badu, bidoi hutsak errepidera bota egiten ditugu. Gehienok ikusleak dauden inguruan jaurtitzen saiatzen gara. Ni neu normalean umeak dauden inguruan botatzen saiatzen naiz, nork jakin bidoi huts batekin zale bat geureganatu dezakegun!

Jens Voigt handia ere ikusi dut maillotaren barruan janari bilgarriak gordetzen. Lehen, hondakin horiek guztiak ere airera botatzen ziren, alabaina, egun maillotaren patrika batean edo sabelaldean gordetzen dira askotan, eta etapan markatuta dagoen bilketa gunean husten ditugu, edo helmugara iritsitakoan autobuseko paperontzira bota arte bertan eramaten ditugu.

Ez dago zigorrera iritsi beharrik kontzientziazio lana ongi eginez gero. Hau diot, Suitzako ironman batean atleta euskaldun bat bilgarri bat botatzeagatik lehiaketaz kanpo utzi zutela badakidalako, eta puntu horretara iristea ere gehiegizkoa iruditzen zaidalako. Pixkanaka ohitura onak hartzea eta kirola ingurugiroarekin uztartzea da egin beharrekoa.

Bizikleta ibilgailu ekologikoa da. Garraiobide ez kutsakorra eta ingurugiroaz gozatzeko aukera ematen duena. Beraz, goza dezagun kirol eder hau naturan praktikatuz!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo