GARA > Idatzia > Mundua

Mende honetako lehenengo hamarkada izan da inoiz neurtutako beroena

2001 eta 2010 arteko hamarkada izan da inoiz neurtutako beroena, atzo Munduko Meteorologia Erakundeak aditzera eman zuenez 1850ean neurketak egiten hasi zirenetik ez baita hain hamarkada berorik izan. Tenperaturak inoiz ez bezala igotzeaz gain, eurite gogorrak ere ugaritu egin dira.

p025_f02_148x104.jpg

GARA |

«2001-2010 Munduko Klimaren Egoera» izeneko txostenean Munduko Meteorologia Erakundeak azaltzen duenez, mende honetako lehen hamarkadan sekulako eurite eta tenperaturak izan ziren, ezohiko fenomenoekin batera. «Hamarkada horretako bederatzi urte 1850etik izan diren hamar beroenen artean daude. Ikerketan parte hartu duten herrien %94k bere hamarkadarik beroena jasan zuten», zehaztu zuen atzo egindako txostenaren aurkezpenean Michel Jarraud Munduko Meteorologia Erakundeko idazkari nagusiak. «Berotze globala ez da gelditu. Are gehiago, tenperatura igoera azkartu egin da», gaineratu zuen.

Mende honetako lehenengo hamarkadan, batez besteko tenperaturak 1961 eta 1990 artekoak baino 0,47 gradu altuagoak izan ziren batez beste. «Orain artean horrelako igoerarik ezagutu gabeak ginen», azaldu zuen Jarraudek. «Berotegi efektuko gasen pilaketa klima aldaketa eragiten ari da, eta aldaketa horrek ondorio larriak ditu ingurumenean. Gainera, itsasoak beroa eta karbono dioxidoa xurgatzen ari dira», gaineratu zuen.

Itsas mailak gora egin du

Tenperaturen igoeraren ondorioz, izotz geruzen urtzea areagotu egin zen, eta, ondorioz, munduko batez besteko itsas maila bera ere igo egin zen. Hain zuzen ere, urteko ia 3 milimetro igo zen itsas maila, XX. mende osoko batez bestekoaren bikoitza ia-ia. Ondorioz, itsas maila 1880an baino 20 milimetro altuago dago egun. Txostenaren arabera, XX. mendeko lehen hamarkada mendeko hezeena ere izan zen, Lurraren toki gehienetan ohi baino eurite gogorragoak izan zirelarik. «Eurite handiak izatea eta berotze globala ematea ez da kontraesankorra, bata bestearen ondorio baizik», adierazi zuen Jarraudek.

Ipar hemisferioaren eremu zabaletan, prezipitazio bolumenak ordura arte neurtutako batez bestekoen gainetik egon ziren, batez ere AEBetan, Kanadan, Europan eta Erdialdeko Asian. Baina baita Kolonbian, Brasilen, Uruguain eta Argentinako iparraldean ere. Bestalde, 511 zikloi tropikal izan ziren, eta, ondorioz, 170.000 hildako eta 250 milioi kaltetu izan ziren. AEBetako Ozeano eta Atmosferako Datu Klimatikoen Administrazioaren arabera ere, XX. mendeko lehen hamarkadan Ipar Atlantikoan inoiz neurtu baino zikloi tropikal gehiago izan ziren -1855ean hasi ziren neurketak-.

Etorkizunari begira ere jarri zen Jarraud. «Klima aldaketak beroaldi gehiago eta gogorragoak ekarriko ditu, eta prest egon behar dugu», ohartarazi zuen.

370.000 hildako

Muturreko baldintza klimatikoen ondorioz, 2001etik 2010era 370.000 pertsona hil ziren, aurreko hamarkadan baino %20 gehiago. Europako 2003ko eta Errusiako 2010eko beroaldi gogorrek eragin zituzten hildako gehien.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo