GARA > Idatzia > Kultura

UDATE | Jon GARMENDIA, Idazlea

Ispilua


Goizero jartzen da ispiluaren aurrean. Eta oren erdi ematen du han. Baina ispiluan ez du bere aurpegia ikusten, kristal distiratsuak hura gorde egiten diola iduri du, eta beste irudi batzuk eskaintzen dizkio trukean. Gaurkoan, ama agertu zaio beste denak baino lehenago, agian, bera delako lehena esnatzen etxean, gainera, bera joaten da ohera azkena, etxeko zaindaria dela argi utziaz. Orain dela bi aste ukan zuen bisitan, eta arduratuago zegoen bizitza etxekoei eskaintzen ari zitzaienaz berari bizitzea egokitzen ari zitzaionaz baino. Beti bezala. Telefonoaren ondoan irudikatu du ama, deia noiz jasoko duen zain. Ispiluan ile zuriak ageri dira, eta, haiek orraztearekin batera, anaia ikusi du; ez dira garai gozoak harentzat, arazoak dituzte lantegian, ez eurek sortuak, heien izerdiaz dirua besterik poltsikoratu ez duen nagusiak baino. Baina jada ez du izerdi gehiago nahi, dirua nahi du baizik, eta enpresa saltzen du. Anaia itxialdian dago lankideekin batera, gose greba egitea planteatzen ari dira. Berak badaki zerbait hortaz, baita borrokarekin soilik eusten zaiola duintasunari ere. Ez da ispilua lanbrotu, malkoak dira ikustea ukatzen diotenak, maite dituenen ondoan egon nahi lukeelako, bere babesa eskaintzen, eta ezin du. Bihar segituko du haiek ispiluan ikusten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo