Ixabel Etxeberria | Irakaslea
Udan ere aldarrikatzen...
Bake bideak bazterrak lasaitu ditu, tentsio guneak baretu. Horrela, hitzak eremu zabalagoa hartzen du. Horretan, ekarpen nahiko interesgarria izan dugu «Ahoan bilorik gabe» emankizunaren eskutik. Izan ere, kazetariek Baionako suprefetari galderak egin dizkiote, funtzionario zintzo, Estatuaren ordezkari leial, Estatuak formatzen dituen bere babeserako koadro sutsuenetakoari.
Patrick Dallennes suprefetak zuzen azaldu ditu funtsean ezagutzen ditugun frantses Estatuko jarrerak. Parisek ez duela Euskal Herriaren ezagutzeko asmorik, euskararen ofizialtasuna emateko proiekturik ez duela eta ez dagoela gerlan; alegia, hemen gatazkarik ez dagoela. Pasatzean aurpegira botatzen digu lurralde elkargoaren aldeko manifestaldian horrenbeste jende ez zegoela, eta, gainera, gazte gutxi. Alegia, politika egiteko oinarrizkoa ez dugula segurtatzen, indar harremanen aldatzeko euskarri gehiago behar dugula. Teknokrata pragmatikoa! Haatik, ariketa demokratikoa hobesten du, lan handia egin dela azpimarratzen du, funtsean forma oso onak errespetatzen ditugula. Horrenbeste lan eta hara erantzuna! Trufa! Frantzia ez dela gerlan dio kazetariak gatazka aipatzen diolarik. Baina, noiz du Frantziak gerlan sartu dela aitortu? Aljeriako gerlarentzat beti aipatu izan ditu «Aljeriako gertakariak». Hirurogei urte iragan direlarik, ez du hura gerlatzat ezagutzen. Malira joan delarik, Parisek «terrorismoaren kontra eramandako kanpaina» gisa aurkeztu zuen soldaduen igortzea. Gobernuko ordezkariak dio, finean, Euskal Herriaren ezagutzarik ez dela izango. Ulertzen dugu independentzia lortu arte ez gaituela ezagutuko, Kanaky ezagutzen ez duen bezala, Polinesia bezala. Horrenbeste kolonia izan ondotik, soilik Pariseko inguruarekin gelditzeko beldurrez bizi da Frantzia jakobinoa!
Jarrera etsi horri diputatuek indarrez erantzun beharko liokete Parisen. Baina hemengo ordezkarien eragina Parisen ahuntzaren gauerdiko eztula bezain indartsua da. Zertarako dira, ba, ordezkari horiek hemengo ordezkaritzaren gehiengoaren oihartzuna ez badira entzunarazteko gai? Laborantzako ordezkari bati entzuten nion hautetsien papera ez dela gutxietsi behar demokrazia batean, horren egitea arriskutsua baita; alegia, demokrazia hautetsien inguruan antolatua da eta horiek dute boterearekin joan-jina egiten, bitartekari lana egiten. Dudarik gabe, arrazoi zuen, eta sistema osoa zalantzan ematen bada, eskuin muturrari autopista are gehiago zabaltzen diogu. Baina gaur egun zalantzarik ez dago sistema demokratikoa Frantzian ez dabilela!
Errealitate horren aurrean aurkitzen gara edozein unetan. Aste honetan berean Seaskak Alderdi Sozialistaren egoitza okupatu behar izan du Parisen, epe motzean, hitzordu baten izateko. Gure geroak talka egiten du Estatuarekin. Gure interesak, gure indarra, Euskal Estatuan jarri behar ditugu!
Opor garaia ikastolen aldeko ekintza militante batekin hasi da, uztailaren 20an bake bideak errepresioaren kontrako manifestaldia antolatuko du Baionan. Iruñeko karriketan bortizkeria abertzaleen kontra erabili dute, baina ikurrina azaldu da eta aldarrikapen eta protestaldiak entzun dira. Uda militantea izango da jai eta ekintza askoren bitartez. Hau da gure herria!