GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

Kirol eskalada | Goi mailako jarduerak

Muturreko zailtasunean ez dute betarik atseden hartzeko

Ramon Julian katalanak Margalefeko «La tierra negra» bidea (9a/+) oso azkar kateatu du: bi saio eskasetan. Bide batez, Baltzolan, «Il domani» bidea ere bi ekinalditan igo du. Alex Megosek, berriz, 9a gradutik gorako zerrenda bikaina sinatu du Frankenjuran.

p032_f01_250x156.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Kirol eskaladan muturreko zailtasunak ez du etenik, eta horren isla dira azkenaldiotan hainbat espezialistek sinatutako emaitza ederrak. Horietako bi protagonista Ramon Julian Ramonet eta Alex Megos ditugu. Biak ala biak goi mailako eskalatzaileak dira, eta biek ala biek gaitasun berezia erakutsi dute bide gogorrak azkar kateatzeko.

Gogora dezagun 9a bat («Estado critico») bistan sinatzen Megos munduko lehen eskalatzailea izan dela, eta «La rambla» (9a+) bi saiotan egin zuela. Bada, Ramonet katalana muga horietan ibili da; izan ere, duela pare bat aste Margalefeko «La tierra negra» marra (9a/+) bi saiotan kateatu zuen.

Eskalatzaile katalana ondo baino hobeto aprobetxatzen ari da arrokan emandako denbora. Eta hori diogu nazioarteko eskalada lehiak gertu dituelako. Lehia horietan dena irabazi du, baina, alabaina, zirkuitu horretan jarraitzen du oraindik. «Lehiak utziko balitu eta arrokan jo eta su jardungo balitz, Ramoneten emaitzak, ziur aski, ikaragarriak izango lirateke», diote bere gertukoek.

Ramonetek argi du eskalada lehiek harrapatuta dutela, eta, jakina, lortutako emaitza onak diru-iturri polita direla. Bitartean, arrokan estutzen jarraitzen du, eta, aipatu dugun bezala, hor dago «La tierra negra» bidearen sinadura azkarra: «Lehen ekinaldian, gogorra zein intentsua iruditu zitzaidan. Helduleku txikiak ditu, hatz bakarreko pausuak, blokeo luzeak eta erresistentzia handia eskatzen duen amaiera. Azken zati horretan eroriko bat izatea oso erraza da».

Lehen saio horren ondoren, atseden hartu eta berriro lanean jarri zen katalana: «Azkar eskalatu nuen, eta atseden hartzeko lekuak ondo aprobetxatu nituen. Azkenean, 50 metro dituen bost izarreko marraren katera iritsi nintzen».

Tarragonako eskalada eskolatik salto egin eta Euskal Herrira bidaiatu zuen. Hain zuzen ere, Ramonet Baltzolan izan berri da. Iritsi bezain laster, kobazuloko «izar» bat poltsikoratu zuen: «Il domani» (9a). Eta hori ere bi saiotan egin du. Beno, zehazki esanda, bidaia labur horretan bi ekinaldi izan dira, baina orain dela urte batzuetako bisita batean beste saio bat egin zuen. Hiru, guztira.

Alex Megos, indartsu

Alemaniarra aski ezaguna izango zaizue; izan ere, kronikaren hasieran aipatutakoagatik orrialdeotatik pasatakoa da. Aste Santuan Siuranatik igaro eta gero, gaztea Frankenjurara joan zen, eta, han, para bat hilabetez, gogor estutzen aritu da.

Oso sasoiko zegoenez, Megosek Marcus Bock Frankenjurako Erregearen urratsak jarraitzea erabaki zuen. Alemaniako eskola horretan lanean jarri bezain pronto, lehen emaitza ikusgarria lortu zuen: «Classified» (9a+). Marra horren lehen igoera lortu du. 20 metro luze da eta zulo txikiak ditu. Nahiz eta eskarmentu handiko eskalatzaileak den Christian Bindhammerrek eta Bockek berak probatu duten, Megos izan da marra hori kateatu duen lehena. Horretarako hiru egun behar izan zituen.

Ondoren, «Corona» bidea iritsi zen; beste 9a+ bat. 18 metro gogor zein leherkor, «Action Directe» marra mitikoaren izaera berekoa. Bock bera izan zen proposamen hori sinatu zuen lehena, eta bigarrena, berriz, Megos izan da. Gazteak adierazi duenez, hiru egun eta hamar saioren ondoren poltsikoratu zuen «Corona».

Harrigarria, beraz, eskalatzaile honen eraginkortasuna: hilabete eta erdian 9a+ zailtasuneko hiru bide egin ditu («La Rambla» eta Frankenjurako beste bi hauek).

Hori guztia gutxi izango ez balitz, Megosek Frankenjurako duela hamabost urteko xede bat ere askatu du: «Dicker bert» marrari buruz ari gatzaizkizue. Hori bai, oraingoan gradu erdi bat jaitsita. Eskalatzaile asko saiatu dira proposamen horretan, baina gaztea izan da lehena korapilo guztiak askatzen. Xede zahar horrentzat 9a zailtasuna proposatu du.

Laster batean Australiara egingo duen bidaiaren aurretik, Megosek berak beste bi 9a ere kateatu berri ditu. «Sever the wicked hand» -lau saiotan egin zuen- eta «The elder statesman». Azken horri buruz, Bockek adierazi du Frankenjurako 9a zailtasuneko marra gogorrena dela; «Action directe» bera baino gogorragoa. Azken bide mitiko hori aipatu dugunez, esan behar dugu Megosek oraindik ez duela kateatzeko aukerarik izan.

baltzola

Eskalatzaile katalana Euskal Herrian egon berri da, eta bisita labur horretan «Il domani» bidea beste bi saiotan egin du.

oso azkar

Ramon Julian indartsu dabil arrokan, eta, besteak beste, Margalefeko «La tierra negra» bidea (9a/+) bi ekinalditan kateatu du.

Shauna Coxsey ingelesak «Nuthin'but Sunshine» blokea (8b) igo du

Aurreko protagonistak kirol eskaladan indartsu ikusi baditugu, hurrengoa ez da atzean geratzen. Shauna Coxsey da: gaztea, britainiarra eta blokeko espezialista. Munduko Kopan ari da parte hartzen, eta azken proba jokatu aurretik Coloradon (AEB) izan da. Liverpoolekoarekin beste bi lagun ere egon dira: Alex Puccio eta Angie Payne. Biak ala biak goi mailako blokeroak.

Bada, Coxsey «Nuthin'but Sunshine» blokearekin (V13, 8b) egin da. Hots, bloke hori askatzen munduko lehen emakumea izan da. Horrela bada, gazte hau zailtasun horretako bideak igotzeko gai den emakumezko bakarrenetarikoa da egun. Payne bera izan zen lehena, eta ondoren iritsi dira Ashima Shiraishi edo Coxsey bera.

Ingelesak egin berri duen bloke horrek ospe handia du Rocky Mountain parke nazionalean. «Nuthin'but Sunshine» blokea igotzen lehena Dave Graham izan zen, eta honako errepikatzaileak izan ditu: Daniel Woods, Paul Robinson... Coxsey berak ezustekoa izan zela onartu zuen: «Alex eta Angie ni baino indartsuagoak dira; ezustean harrapatu nau». Andoni ARABAOLAZA

lehena

Frankenjura bertan ere, duela hamabost urteko xede baten lehenengo igoera egin du Alex Megosek: «Dicker bert». Bidearentzat 9a zailtasuna proposatu du.

eraginkorra

Hilabete eta erdi eskasean, Alex Megosek 9a+ zailtasuneko hiru bide igo ditu: «La Rambla», «Corona» eta «Classified». Azken bi horiek Frankenjuran.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo