GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

Mendi lasterketak | Denboraldia puri-purian

Sestao Alpino eta euskal selekzioa nagusi bi hitzordu ofizialetan

Ekainaren 30ean bi hitzordu ofizial izan ziren: Euskadiko Taldekako Txapelketa eta Espainiako Txapelketa. Lehena, Sestao Alpinok irabazi zuen. Bigarrena, euskal selekzioak. Nerea Amilibia beteranoetan nagusitu zen, eta, Leire Fernandez, kadeteetan.

p034_f01_250x164.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Mendi lasterketen denboraldiak ez du makalaldirik; guztiz kontrakoa esango genuke. Azkenaldiotan, adibidez, pare bat hitzordu ofizial izan ditugu: Euskadiko Taldekako Txapelketa eta Espainiako Txapelketa.

Lehenbiziko txapelketari dagokionez, aipatu beharra dago Euskal Mendizale Federazioak Camille Extrem lasterketa aukeratu zuela. Beste behin ere, Nafarroako lasterketa horrek oso nota altua jaso zuen; izan ere, lehia ederrak eta estuak izan ziren. Hala ere, aipatu behar da lehen lerroan ibiltzen diren makina bat lasterkari ez zirela irteera puntuan izan aurtengoan. Jakina, lasterketa «uholdea» dagoenez, hutsune horiek ulertzekoak dira.

Hori bai, Euskal Herriko talde askok, hemeretzik guztira, ez zioten muzin egin Camille Extrem lasterketaren deiari eta han izan ziren lehiatzen txapelaren bila. 350 lasterkariek 31 kilometroko ibilbideari eta 2.050 metroko goranzko desnibelari egin behar izan zieten aurre. Beste urte batzuetan ez bezala, ez zuen bero egin, eta hori korrikalariek asko eskertu zuten. Zeru urdina bai, baina, batez ere goialdeetan, fresko.

Nesketan, Izaskun Zubizarretak irabazi zuen 3.51 denborarekin. Bigarrena, 12 minutura, Montserrat Vazquez sailkatu zen, eta, hirugarrena, Sandra Sevillano. Mutiletan, berriz, Abderrahim El Qayed izan zen indartsuena, 3.13.59 denborarekin. Ia bi minutura Joseba Larralde iritsi zen, eta, hirugarren postuan, Jon Lozano. Taldeen sailkapenari dagokionez, aurreratu behar dugu, beste urte batez, Sestao Alpino nagusitu dela; beraz, talde hori izan da Euskadiko txapelduna. Haren atzetik Club Vasco de Camping elkartea eta Manttale sailkatu ziren.

Bestalde, Camille Extrem lasterketaren barruan Ezkaurreko igoera kronometratu zen. Aldats piko horietan azkarrena Larralde izan zen 12.38 denborarekin. Eneko Iturbek igoera bera egiteko minutu bat gehiago behar izan zuen, eta, El Qayedek (lasterketaren irabazleak), bi minutu gehiago.

Euskal selekzioa garaile

Bigarren hitzordu ofiziala FEDMEk antolatutako Espainiako Txapelketa izan zen. Ribagorzan jokatu zen: Skymaraton Vallivierna. Maratoi baten neurriak zituen (42 kilometro) eta 6.000 metroko desnibel metatua. Hitz gutxitan esanda, ibilbide alpino eta teknikoa; besteak beste, 3.000 metroko kotara heldu ziren.

Eta, oro har, euskal lasterkariek emaitza bikainak erdietsi zituzten. Neska zein mutil seniorrek ez zuten garaipenik sinatu, baina, hala ere, euskal selekzioa nagusitu zen. Garaipen indibidualak neska beteranoetan eta kadeteetan iritsi ziren.

Neskei dagokienez, Nuria Picas kataluniarrak irabazi zuen 4.55 denborarekin; 7 minutura Maite Maiorga helmugaratu zen. Gipuzkoarrak lasterketa bikaina egin zuen, irabazlearen erritmoa eusten saiatu zen, baina azken jaitsieran kataluniarrak alde handia atera zion. Leire Agirrezabalak indartsu hasi zuen lasterketa, baina azken jaitsieran asko sufritu eta bosgarren postuan sartu zen azkenean helmugan. Aitziber Ibarbia zortzigarrena izan zen, eta, Nerea Amilibia, hamaikagarrena. Euskal selekzioa bigarren sailkatu zen Kataluniaren atzetik.

Mutiletan, bestalde, Zaid Ait Malek azkarrena izan zen. Lehen euskaldunak, Aritz Egeak, lasterketa ona egin zuen, baina honi ere azken jaitsiera gogor egin zitzaion eta bosgarren postuan sailkatu zen. Iban Letamendik oso lasterketa erregularra egin zuen. Lasai hasi zen, baina hogeigarren kilometroan lasterkariak pasatzen hasi eta helmuga puntuan zortzigarrena izan zen. Euskal selekzioarekin lehen hitzordua zuen, eta lehen hamarren artean sailkatzea lortu zuen.

Nahiz eta lasterketa ia osoan laugarren postuan joan zen, Jokin Lizeagari, lasterkari askori eta askori bezala, sufritzea egokitu zitzaion eta Letamendiren atzetik sartu zen. Bederatzigarren postuan helmugaratu zen. Euskal ordezkariek batutako puntuei esker, euskal selekzioa nagusitu zen. Seniorretako bigarren eta lehen postu horiek kontuan hartuta, aipatu behar da euskal selekzioa indartsuena izan zela.

Beste bi garaipen aipatu behar ditugu amaitzeko. Amilibiak beteranoetan erdietsi zuena eta Leire Fernandezek kadeteetan sinatu zuena. Gazteenak ibilbide laburragoan lehiatu ziren: 10 kilometro eta 1.000 metroko desnibela.

irabazle

Sestao Alpino taldeak Euskadiko Taldekako Txapelketa irabazi berri du. Bitartean, senior mailan, euskal selekzioa Espainiako Txapelketan nagusitu da.

Ehunmiliak pronto egun handirako

Euskal Herriko lasterketa luzeen eta ultra trail garrantzitsuenak dagoeneko lau ekitaldi beteko ditu. Lau urte soilik pasa dira lehen edizioa egin zenetik, baina, era berean, sendotasun handia erakutsi du probak. Lasterketa batzuk pixkaka hazten joaten dira, baina Ehunmiliak lasterketak salto ederra egin du. Eta arrakasta hori, batzuentzat bederen, oso harrigarria da. Bai, harrigarria ikusirik zer-nolako ezaugarriak dituen.

Batzuentzat datu hotzak dira; beste batzuentzat, ordea, oso-oso beroak: 168 kilometro eta 11.000 metroko goranzko desnibela. Irteera puntua zein helmuga herri berean daude: Beasainen. Eta tartean mendi eta tontor asko: Izazpe, Erlo, Ernio, Txindoki, Aizkorri...

Erresistentziazko proba luze eta gogor hau handiegia gertatzen zaionarentzat, aukera ederra du ibilbide motza egiteko. Goierriko Bi Handiak lasterkari buruz ari gatzaizkizue. Lasterkariek guztira 88 kilometroko ibilbideari eta 6.500 metroko goranzko desnibelari egin beharko diete aurre. Aralar eta Aizkorriko mendilerroak zeharkatzen ditu probak, eta hori egiten ari diren bitartean bi gailur esanguratsutatik pasa behar dira: Txindoki eta Aizkorri. Ibilbideak, beraz, Ehunmiliak proba nagusiarekin bat egiten du 100. kilometrotik aurrera.

Arestian aipatu dugu bi lasterketon arrakasta. Aurtengo ekitaldian, adibidez, iaz baino 100 korrikalari gehiago egongo dira. Eta ez pentsa soilik Euskal Herriko edo gure ingurumariko lasterkariak hurbilduko direnik. Zerrendari begiradatxo bat ematen badiogu, honako herrialdeotako bisitariak izango ditugula ikusiko dugu: Portugal, Suedia, Ingalaterra, Frantzia, Herrialde Katalanak, Polonia...

Gero eta izen eta nortasun handiagoa hartzen ari dira bi probak hauek, eta, jakina, horren adierazle da antolatzaileen lana. Krisi ekonomikoa puri-purian zegoen jada ultra trailen proposamenok jaio zirenean. Eta, kostata bada ere, esfortzu ikaragarria egin dute Euskal Herriko erresistentzia luzeko lasterketok aurrera jarrai dezaten. Antolatzaileak, bederen, gustura daude babesleen aldetik jasotako erantzunarekin. Eta, bide batez, lasterkariek erakutsitako jarrerarengatik.

Hori guztia azpimarratu nahi dute, baina, agian, indar gehiagorekin azpimarratu nahi dutena da Beasaingo eta inguruko herrietako biztanleen eskuzabaltasuna. Izan ere, lau egun barru 1.300 lagun arituko dira boluntario lanetan.

Datorren ostiralean, arratsaldeko seietan hain zuzen ere, Euskal Herriko ultra trail garrantzitsuenaren, Ehunmiliak probaren, festa hasiko da. Bost ordu geroago, berriz, Goierriko Bi Handiak lasterketa hasiko da. Aurretik kilometro eta ordu asko, baina, zorionez, badirudi eguraldia lagun izango dutela.

Bide batez, gogoratu behar dugu hurbiltzeko asmoa duten ikusleentzat aurten ere autobus zerbitzuak antolatu dituztela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo