Mr Pro Ballito 2013: Julian Wilson garaile Hegoafrikako Prime kategoriako txapelketan
Prime kategoria osatzen duten zortzi txapelketetatik hirugarrena Hegoafrikan izan da. Finalean, WCTko bi lehiakide: Julian Wilson australiarra eta etxean aritu zen Jordy Smith. Azkenean, Wilson izan zen garaile olatu bikain batean lortu zuen hamarreko bati esker.
Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Iruñean San Fermin jaiei hasiera ematen dien suziria bota behar zuten ordu berean hasi zen finala Willard Beachen. Metro bateko olatuetan Julian Wilson eta Jordy Smith buruz buru, biak haien onena ematen. Faboritoa Smith zen, bertakoa baita, eta ikusleek nabarmen egin zuten haren alde. Aldiz, Wilson ez zegoen txapela galtzeko prest, eta, azkenean, garaipena eskuratu zuen olatu batean hamarreko nota jaso eta gero.
Mr Prive Pro Ballito txapelketa Afrikaren hego-ekialdean dagoen Willard Beach izeneko hondartzan egiten da. Durban hiritik nahiko gertu dago urautsia, Jefreys Bay olatu famatutik ez oso urrun; olatu indartsuak izaten dira bertan.
1966an egin zuten bertan Hegoafrikako lehen txapelketa ofiziala eta ordutik urtez urte egin dute lehiaketa. 1969. urtean, Gungston 500 izena hartu zuen txapelketak, zigarro marka hori bilakatu baitzen lehiaketaren babesle. Txapelketaren izen onak eta ematen zituzten sariek surflari asko erakarri zituen parte hartzera.
Antolatzaileek 23 urte behar izan zituzten nesken txapelketa lehen aldiz antolatzeko. Neridah Falconer estatubatuarrak irabazi zuen 1992ko lehen txapelketa hura, eta, orduz geroztik, punta-puntako lehiakideak izan dira bertan parte hartzen.
2000. urtean babesle berri batek hartu zuen txapelketaren ardura, eta, horrekin batera, lehiaketaren izena aldatu zuten. Hortik aurrera, Mr Price Pro Ballito izena hartu du lehiaketak.
Gainera, 2001. urtean diru saritan milioi bat dolar banatzen hasi ziren, munduko surflari onenak erakartzeko helburuarekin, eta, noski, lortu zuten: egun egiten duten txapelketa Prime kategoriakoa da, alegia, WCT zirkuitua kenduta, izan daitekeen txapelketa maila gorena.
Txapelketak iraun zuen artean olatu indartsuak izan ziren, batez ere ostiralean, final zortzirenetan. Hain zuzen ere, bi metroko olatu indartsu eta garbiak izan ziren eta lehiakide batzuek sekulako tuboak egin zituzten.
Aritz Aranburu zarauztarrak Maxime Huscenot Reunion uharteko surflaria garaitu zuen eta oso kontent zen: «Itsasoko baldintzak aldakorrak ziren eta txanda zaila zen. Zortea izan dut hartu dudan olatu handienak ireki egin baitu eta bi bira eder egin ahal izan baititut. Txapelketa honetan egin dudan ibilbidearekin gustura nago, emaitza ona da, eta gehiago nahi dut».
Final laurdenetan, ordea, arerio zaila zuen zarauztarrak, Jordy Smith, txapelketako faboritoa, eta gogoz saiatu zen arren ez zuen mendean hartzea lortu.
Finalean izan ziren bi lehiakideak WCTko 34 lehiakideen artean dauden bi surflari dira, Julian Wilson australiarra eta Jordy Smith hegoafrikarra. Bien arteko lehia oso gogorra izan zitekeela iragar zitekeen, izan ere, biek dute adin bera, 25 urte, biak dira eskuin surflariak (regular), eta biak ari dira goi mailako zirkuituan (WCT).
Finalean olatuak aurreko egunetan baino txikiagoak ziren, metro batekoak, eta haizeak albotik jotzen zuen, beraz, ez ziren baldintza onenak. Aldiz, lehiakideek edozein baldintzetan sekulako ariketak egiteko gai direla erakutsi zuten.
Smith gogor ari zen airekoak eta sekulako maniobra indartsuak egiten, beraz, Wilsonek puntuazio altu bat emango zion ariketa bat egin nahi zuen. Bizkarkako Alley Oop bat egiten saiatu zen, baina ez zuen behar bezala burutzea lortu. Bestelako airekoak ere egin zituen, baina arerioa garaitzeko aparteko zerbait egin behar zuen, eta egin zuen.
Eskuin olatu batean airean atera eta 360 graduko itzulia egin ostean olatura itzuli zen, abiadura hartu eta olatua floater batekin amaitu zuen. Sekulako izan zen, epaileek hamarrekoa eman zioten.
Honela kontatu zuen Wilsonek olatu hura: «Lehen aldia da aireko hori lehiatzen ari naizen bitartean egiten dudana eta oso pozik nago, zeren puntuazio perfektua eman didate. Zerbait egin beharra neukan puntu asko biltzeko eta horixe zen egin behar nuen ariketa».
Hamarrekoa jasota garaipena ziurtatu zuen australiarrak. Azkenean Wilsonek guztira 18,93 puntu bildu zituen eta Smithek, berriz, 16,7 puntu. Wilsonek irabazi zuen beraz, eta honela mintzo zen sari banaketen ostean: «Oso gustura nago garaipen honekin. Durbanen lehiatzen dudan hirugarren aldia da eta emaitza onak izan ditut. Benetan gozatzen dut hemen».