GIPUZKOAKO GARRAIO PUBLIKOA HOBETZEKO PROZESUA
Garraio eraginkorraren mapa egin nahi du Aldundiak gipuzkoarrekin
Gipuzkoako garraio publikoaren sarea aztertu, ahultasunak detektatu eta beharrezkoak diren aldaketak egin nahi ditu Aldundiak, auto partikularraren alboan zerbitzu eraginkorra eta lehiakorra lortzeko. Horretarako, herritarrekin eta udalekin prozesu parte hartzailea abiaraziko du irailean. Honela, ibilbideak diseinatzeko orduan irizpide teknikoak bigarren plano batean utziko dira, eguneroko beharrak ondo ezagutzen dituztenen hitza, erabiltzaileena, lehenetsiz.
Oihane LARRETXEA | DONOSTIA
Jada bi urte baino zertxobait gehiago dituen legealdi honetan, Gipuzkoako Aldundiak hainbat prozesu parte hartzaile jarri ditu martxan proiektuak herritarrekin aldez aurretik kontsultatu eta ondoren hezurmamitzeko. Hala egin zuen, besteak beste, aurrekontuekin. Politika egiteko modu hori aldez aurretik aipatzea egokia da berriki Martin Garitano ahaldun nagusiak aurkeztu duen egitasmoa kokatzeko. Erronka berria lurraldeko garraio publikoa hobetzea izango da, zehazki, autobus zerbitzu sareak dituen ahultasunak indartu eta gabeziak betetzea.
Hala egitearen zergatiaz galdetuta, Unai Erroitzenea Mugikortasun eta Garraio Publikoko zuzendariak GARAri azaldu dio orain arte, oro har, emakidak irizpide tekniko eta politikoetan oinarritu direla eta asmoa horixe aldatzea dela, hau da, eskema iraultzea. «Garraioak jendeari egunerokoan izugarri eragiten dio, eta, horrenbestez, herritarrek zentzu horretan esateko asko dute. Euren iritzia jakin nahi dugu, beharrak antzeman, eta, noski, ahal dugun neurrian, horiek ase. Aldundiaren filosofia kontuan hartuta zuzena da horrela egitea», iritzi du.
Proiektua orain aurkeztu eta aurki abiaraziko dute, 2013an eta 2014an Gipuzkoako hego-mendebaldeko emakida administratiboak berritu behar baititu Bilduk zuzentzen duen Foru Aldundiak. Zehazki, Goierrialdea, La Guipuzcoana, Euskotren, Pesa, Garayar, Areizaga eta TSST garraio enpresekin.
Lehenengo bilerak irailean
Guztira lurraldeko 57 herrirekin jarriko dira harremanetan Aldundiko ordezkariak irailetik aurrera. Lehenengo kontaktua bilera irekien bitartez izango da. Herri handietan bi bilera egingo dira; txikietan bat. Hitzordu horietan herritarrek mahai gainean jarri ahal izango dituzte iritziak, proposamenak eta eskaera zehatzak bai ordutegiei, ibilbideei edota geldialdiei dagokienez, adibideak jartzearren.
Orain gutxi, antzeko prozedura bat egin dute Tolosaldean, Udalaren eta Tolosaldea Garatzen garapen agentziaren artean. «Euren artean diseinatutako aurreproiektua jarri zen jendaurrean eta momentu horretan abiarazi zen proiektu parte hartzaile bat, Tolosaldea Garatzen-ek gidatuta. Ekarpenak jaso ziren eta horiekin behin betiko proiektu osatu da. Lizitazioa aterako da oraintxe», azaldu du Erroitzeneak.
Tolosako kasuan, esaterako, hemendik aurrera 30 minuturo autobus zerbitzua dago Donostiara, eta Villabonan egiten duena da ibilbide osoko geldialdi bakarra. Halaber, ospitale guneekin ere lotura zuzenak ditu lanaldietako sarrerak eta irteerak aintzat hartuta.
«Zaila da oreka lortzea; nolabait esateko, ekilibrista lanak egiten gabiltza. Autobus zerbitzu bat herri guztietatik pasatzen bada [Tolosa eta Donostia arteko zerbitzu berriari erreferentzia eginez] lehiakortasuna galtzen du auto pribatuarekiko. Alde batetik, ahalik eta jende gehiagorengana iritsi nahi dugu, baina, bestetik, zerbitzu on bat izateko komeni da azkarra izatea... Dagoeneko badago zerbitzu bat herrietatik pasatzen dena, eta badu bere erabilera dezentea. Zerbitzu honek beste plus bat ematen dio».
Tolosatik Donostiarako gainontzeko zerbitzuetan, berriz, Errekaldeko geltokian Lasarte-Oriatik ospitalera doan zerbitzuarekin autobus aldaketa egin daiteke bost minutuko itxaronaldiarekin. Aldaketa horiek guztiak, besteak beste, prozesu parte hartzailean egin ziren eskaeren ondotik ezarri dira.
Irailean eta urrian egingo diren bilerekin batera, informazio bilketa garrantzitsua egingo da udalerri askok aldez aurretik garraio publikoaren inguruan egin dituzten txostenak aztertuz. Horiek ere kontuan hartuko dira iradokizunak biltzeko orduan.
Aurreneko ekarpenak jaso ondoren, aurreproiektua otsailean egitea espero dute. Aurreproiektua jendaurrean jartzean parte hartze prozesuko bigarren fasea etorriko da, aurreko faseko ekarpenak jaso diren ikusteko. Gainera, behar izanez gero, ekarpen gehiago jasoko dira. Behin betiko proiektua 2014ko ekainean egongo litzateke prest, eta, hala, 2014ko urte amaierarako zerbitzu berriak martxan jarriko lirateke.
Aldundia eta udalak
Prozesuan zehar Aldundiak udalekin harreman estua mantenduko du, horiek baitaukate, gertutasunagatik, herritarrekin kontaktu estuagoa, egunerokoa. «Udalek ez dute garraioaren inguruko eskumenik, baina konfiantza arrazoiengatik, bizilagunek bertara igortzen dituzte gaiaren inguruko kexak eta proposamenak -arrazoitzen du-. Horregatik, informazio iturri baliagarriak izango dira guretzat udalak».
Era berean, herri barruan garraio publikoa duten udalen kasuan bereziki garrantzitsua izango da bi erakundeen arteko komunikazioa, herri barneko eta herri arteko zerbitzuak «zapaltzen» ez direla ziurtatzeko. Hori da, besteak beste, proiektuaren xedea, baliabide ekonomikoei eta azpiegiturei ahalik eta etekinik handiena ateratzea.
Udalen eta Aldundiaren arteko harremanek fruituak ematen dituzten erakusle da, adibidez, Lasarte-Oriako linea batean egindako aldaketa. Ospitalerako zerbitzua Oriatik pasatzea bizilagunek behin eta berriz egindako eskaera zen. Lineak lehen udalerriaren %50ari zerbitzua ematen zion bitartean, birmoldaketarekin %90a hartzen du.
Aldundiak garraio publikoaren alde egiten duen apustua «argia» dela defendatzen du Erroitzeneak, eta, horregatik, herritarrak parte hartzera animatzen ditu. «Ikusi dezatela beraien hitza eraginkorra dela, emaitzak izan dituela. Horrekin, asebeteta ginateke», amaitu du.
Prozesuan parte hartzeko moduak hiru izango dira. Alde batetik, irailean abiaraziko diren bilera irekiak. Bestetik, Autobus Egunak egingo dira, herritarrekin interakzio zuzena izateko. Azkenik, «on line» ere parte hartuahal izango da.
Garraioa erabiltzen duten kolektiboak identifikatuta dituztela diote Aldunditik; gehienbat ikasleak, emakumeak, etorkinak eta helduak izan ohi dira. Oro har, ikastetxe, langune eta ospitaleetarako lineak eskatzen dituzte.
Mugikortasun zuzendariak emandako datuen arabera, Gipuzkoan garraio publikoa erabili zuten bidaiarien kopurua %4 igo zen 2011 eta 2012 artean. Guztira, 20.600.000 joan-etorri baino gehiago egin ziren lurraldean epe tarte horretan.
Zerbitzua zaharkituta dagoela onartu du Erroitzeneak, besteak beste, bezperan deitu behar baita taxi bus bat eskatzeko. Arlo honetan hobekuntzak emango direla aurreratu du, baita egitasmoa eskualde gehiagotara zabalduko dela ere.