GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe EGIA

Errepikapenetik atera beharra?

Badago testugintzan prosamolde komunikatiboa antolatzeko segida bat, testu bati koherentzia eta kohesioa emateko, alegia, ulergarria izan dadin lortzeko, interesgarria dena bizitzako beste arlo batzuetara ere zabaltzeko. Tema/Rema deritzon segida horren arabera, diskurtso batean lehenbizi gaia aipatu ohi dugu, zertaz eta zein testuingurutan ari garen; ondoren, horren inguruan esan nahi duguna adierazten dugu. Laburbilduta, Tema litzateke informazio zaharra, ezaguna, abiapuntua, eta Rema, berriz, informazio berria, gai horri buruz esan nahi duguna, egin nahi dugun ekarpena. Eta horrela, esaldiak barnean antolatuz eta esaldiak euren artean harilkatuz, testu logikoa osatuz, hizkuntza komunikatiboa lortze bidean jartzen gara. Korapilorik gabea.

Korapilo horiek dira, hain zuzen, bizitzako beste arlo batzuetan ere askatu behar ditugunak, aurrera egiteko, ez geratzeko beti informazio zaharrean, badakigun horretan, errepikatu eta errepikatu egiten dugun horretan. Adibidez, Emakundek duela gutxi EAEn egindako azterketa baten ondorioek aditzera eman dute lurraldeko emakumeen %80k uste dutela diskriminatuta jarraitzen dutela, batik bat lan munduan. Jakina, hori uste dute horrela delako: badakigu emakumeon soldatak baxuagoak izan ohi direla lan berbera eginda ere; badakigu goi karguetara iristeko aukerak askoz ere murritzagoak direla guretzat, eta oztopoak betikoak (amatasuna, haurren edo adinekoen zaintza...); badakigu lanbideek generoa izaten jarraitzen dutela, eta, esaterako, erizaintza emakumeontzat eta ingeniaritza gizonezkoentzat banaketa zaharra ez dela haurren ikuspegi murritzaren ondoriozko jolas hutsa; badakigu landa-eremuan lursailen jabeak ia inoiz ez direla emakumezkoak, eta, halere, mundu mailan eurak direla nekazaritzaren euskarri nagusiak; badakigu, badakigu, badakigu... Ez dakiguna da horiek guztiak eragiten dituen diskriminazioa nola gainditu, behin betiko. Hau da, Tema argi daukagu, baina Rema da kostatzen zaiguna, ekarpen berria, eraginkorra, benetako jauzia eragingo duena.

Eta horren beharrean gaude. Izan ere, azterketa berberak ondorioztatu du emakume gazteen artean badagoela aukera berdintasunaren esparruan aurrera egin delako irudia, aurreko belaunaldiei dagokienez, baina aldi berean badagoela berdintasunaren aldeko diskurtsoarekiko nolabaiteko etsipena. Horra hor emakumeontzako arriskurik handiena: berdintasuna jendartean dauden uste ustel horietako beste bat baino ez dela hedatuta, berau bilatzeari uztea, horren aldeko borroka bertan behera lagatzea. Tema berberak ekarriko dizkiguten azterketa, ikerketa eta diskurtsoak baino, Remetara iristeko guneak sortu behar ditugu, moduak bilatu diskriminazioa iraunarazten duten horiei eraginkortasunez aurre egiteko. Agian betiko formulak zaharkituta geratu zaizkigu, agian diskurtso berberekin konbentzitu baino kontrakoa lortzen ari gara, gazteei begira, batik bat, eta une honetan gauzak nola dauden ikusita, premia dugu errepikapenetik atera eta bestelako bideen sorkuntzan buru-belarri hasteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo