Edukiontziak erre dituzte Villabonan gaur abiaraziko den atez atekoaren aurka
Galder Azkue Bilduko alkatearen etxebizitzaren aurrean edukiontziak erre zituzten ostiral gauean, bi atalondotan eta bulego batean kalteak eraginez. Sortuk gogor kritikatu du erasoa; gainontzeko alderdiak ez dira mintzatu.
GARA | DONOSTIA
Hainbat ezezagunek edukiontziak erre zituzten larunbat gauean Villabonan, Bilduko Galder Azkue alkatearen etxearen parean, gaur bertan abiaraziko den atez ateko sistemaren aurka protesta gisa. Suteak kalteak eragin zituen bi atalondotan eta aseguru bulego batean, Lakuako Segurtasun Sailak atzo jakinarazi zuenez. Erasoa Sortuk bakarrik salatu du; gainontzeko alderdiak ez dira gertakarion inguruan mintzatu.
Sortuk erasoa testuinguru zehatz batean kokatu du. Alderdiaren aburuz, «aurreko asteburuan herrian egindako atez atekoaren kontrako galdeketaren porrotaren ondoren, Villabonan EAJren inguruko pertsona zehatz batzuek sortu duten tentsio egoeraren baitan gertatu da erasoa».
Sortuk atzo salatu zuenez, ostiralean bertan, hainbat herritarrek Azkueren aurkako mehatxuak egin zituzten jendaurrean kuboak banatzeko egokitutako tokira bertaratzean. Heriotza mehatxuak ere izan ziren tartean. «Erasoa pertsona hauek zenbait eragileren aldetik jasotako babesaren ondorio da. Gogoratu behar da horrelako gertaerak Lezon, Oñatin eta Zizurkilen ere ikusi ditugula, besteak beste. Atzean babesle berdinak izan dituzte», iritzi zuen Joxean Agirre Sortuko Gipuzkoako koordinatzaileak.
Oñatin iragandako astean abiarazi zuten hondakinak biltzeko atez ateko sistema. Atez atekoa ezarri aurretik sabotajeren bat jazo bazen ere, indarrean dagoenetik normaltasuna da nagusi. Horretaz guztiaz balorazio politikoa egin zuen Sortuk. «Villabonako herriak atez atekoari aukera bat ematearen aldeko jarrera erakutsi du, eta udal gobernuak jarrera horrek eskatzen duen konpromisoa eta erantzukizuna onartu ditu publikoki, jarrera guztiak kontuan hartuz», adierazi zuen Agirrek.
Tolosaldea Txukun plataformako Patxi Amantegi eta Patxi Agirrek «erakutsitako arduragabekeria» ere kritikatu zuen Joxean Agirrek. Azkenik, EAJri dei zuzena egin zion: «Erantzukizunez jokatu eta elkarbizitza apurtu nahi dutenak babesteari uzteko eskatzen diegu».
Sakanan gaur hasiko dira
Villabonan bezala, Sakanan ere gaur bertan abiaraziko da atez atekoa. Hain zuzen ere, sistema ezarriko duen Nafarroako lehen eskualdea izango da. Hamahiru udalerri dira orotara. Uharte-Arakil, Lakuntza, Arbizu, Iturmendi, Bakaiku, Urdiain eta Olaztin atez atekoa ezarriko da, eta, sistema mistoa, Arakilen, Irañetan, Arruazun, Ergoienan eta Ziordian.
Sistema mistoan hondakinak edukiontzietan biltzen dira paper eta kartoirako, ontzietarako eta errefusarako prestaturiko ekarpen guneetan, eta, hondakin organikoak, berriz, tokian bertan tratatzen dira, etxeko edo auzoko konpostajearen bidez. Mankomunitatetik proiektua ilusioz abiaraziko dutela adierazi dute, «izugarrizko aurrerapausoa» dela iritzita. Etorkizuna bide horretatik doala diote.
Aldaketa guztiek zalantzak sortzen dituzten arren, Sakanako Mankomunitateak konfiantza handia agertu du eskualdeko herritarrengan. Edozein kontsulta egiteko 900730450 doako telefonoa jarri dute.