1936ko gerran hildako gudariak omendu ditu Eusko Ekintzak Albertian
Urtero bezala, ehunka pertsona bildu ziren atzo Albertia mendiko magalean 1936ko neguko gudaldian gertatutakoak gogora ekartzeko eta bertan hildako gudariei omenaldia egiteko. Eusko Ekintzak «egia, justizia eta erreparazioa» eskatu zituen beste behin ere.
GARA | LEGUTIO
Eusko Ekintzak, urtero egiten duen bezala, Albertia Eguna ospatu zuen atzo Legutio eta Landa artean dagoen izen bereko mendiaren magalean. Bertan, 1936ko gerrako neguko gudaldian bizitza galdu zuten gudari guztiak omendu zituzten, eta, bide batez, horientzako eta frankismoaren biktima guztientzako «egia, justizia eta erreparazioa» eskatu zituzten.
«Borrokaren duintasuna» lelopean, 300 bat lagun Gazteluako hariztian batu ziren, eguzkia lagun antolatutako ekitaldi politikoa jarraitzeko. Lehen hizlaria Lau Haizetara Gogoan elkarteko partaide den Durango 1936 taldeko Andoni Barreña izan zen. Faxismo garaien isilkeriaren gainetik «egia, justizia eta erreparazioa» eskatu zituen, zigorgabetasunarekin eta erantzukizun ezarekin behin betiko amaitzeko exijituz. Bide horretan, «egiaren batzorde bat» eratzea proposatu zuen.
Ostean, Euskal Herriko Komunistak (EHK) alderdiko Pakito Belarra eta Beñat Ezenarrok hartu zuten hitza. Azpimarratu zutenez, «askatasuna Euskal Herri aske eta subirano baten alde borrokatu zuten eta borrokatzen duten pertsonei zor diegu», eta, hala, amnistia eskatu zuten 1936tik aurrerako gudari guztientzat.
Azkenik, Antxon Gomez Eusko Ekintzaren ordezkariak hartu zuen hitza, 1936an bizitza galdu zuten 350 gudarien «borrokaren duintasuna» aldarrikatzeko. Adierazi zuenez, haien ideien gaurkotasuna, independentzia eta sozialismoa, «inoiz baino beharrezkoagoak dira egungo Euskal Herrian».
Erriberan, errepresioa gogoan
Frankismoaren errepresio gordina horrenbeste pairatu behar izan zuen Nafarroako Erriberan ere 1936ko gerran hildakoak izan zituzten atzo gogoan. Hain zuzen ere, Valentin Plaza de Castejon auzokide elkarteak eta Lau Bide kultur elkarteak 1936ko errepresaliatu eta fusilatuak omentzeko uztailean zehar martxan jarriko den programa aurkeztu zuten, era honetan 2011ko uztailean Castejongo Udalak onartutako mozioa betez.
Mozioan, biktima guztiekin elkartasuna adierazi ostean, memoria berreskuratzea eskatzen du Castejongo Udalak, eta garaian gertatutako hilketa eta fusilamenduen inguruan ikerketa propioa martxan jartzeko asmoa agertzen du. Era berean, errepresioa jasan zutenei aitortza publikoa egiteko nahia agertzen du mozioak. Bide horretan, koadro eta argazki erakusketak, hitzaldiak, dokumentalak, omenaldiak eta bazkariak izango dira hurrengo asteetan zehar Castejonen, betiere 1936an hildakoak gogoan.
Euskal Herrian bertan ere nazioarteko hainbat prozesutan erabilitako justizia transizionala oinarri izango duen egiaren batzorde berezi bat eratzea eskatu du Lau Haizetara Gogoan elkarteko Andoni Barreñak.
Gasteizko Legebiltzarrak frankismoaren krimenak ikertzeko Argentinan abiatutako auzibidea babestea txalotu du Eusko Ekintzak, baina PSOE eta EAJ ere «krimenon inpunitatearen arduradun» direla gogoratu nahi izan du.