Pirinioetatik
Amets TXURRUKA | Caja Rural RGA taldeko txirrindularia
Azkenean ezin izan dut etxean geratu, animatu eta Pirinioetara etortzea erabaki dugu. Tourrik egingo ez nuela eta, aurten behintzat, udari zuku gehiago aterako niola uste banuen ere, Espainiako Itzulia prestatzeak Tourra bera egiteak baino «hondartza egun» gehiago izorratuko dizkidalakoan nago. Caja Rural RGA taldeak, datorren astetik hasita altueran entrenatzeko aukera eta gomendioa luzatu digu; hori dela eta, abuztuaren erdira bitartean bi egonaldi luze igaroko ditugu 2.300 metrotara.
«Opor egunak» hain murriztuta ikusi ditudala aitzakia hartuta, trasteak hartu eta Frantziarako txangoa prestatu dugu. Lanerako erreminta autoari lotuta baina ilusioz. Gaztetako oroitzapenak biziarazi dizkit hona etortzeak. Garai hartan, gasolindegietan izotz poltsak erosi eta amak prestatutako patata-tortilla tupper-ean hartuta etortzen ginen. Orduko gisara, atzo ere, muga pasa orduko autoen matrikulei erreparatuz igaro genuen bidaia, «horiek ere badoaz etapa ikustera» esanez. Ez dago, hala ere, matrikulari begiratu beharrik euskaldunak identifikatzeko; disimulatu ezinezko seinaleak daramatzagu ezinbestean: ardi latxak eta pailazoak autoetan itsatsita, bisera buruan, nire antzera bizikleta eta hozkailuak bistan... Azalean eta izaeran daramagu matrikula. Taldeak edota herrialdeak gorabehera, txirrindularitza eta herrialdeak maite eta errespetatzen ditugu.
Nostalgia pixka batez baina asko gozatzen ari naiz Tourraren kanpoaldeko ikuspegi honetatik, eta, batez ere, harro daukagun zalegoarekin. Ah, eta bide batez, zer moduzkoa egon da freskagarria, Markel?