GARA > Idatzia > Kultura

UDATE

Ez Dok Amairu Mendebala jaialdian

Iruñetik Sopuertara 184 kilometro luze dira, eta uztailaren 6an, txupinazo egunez, begirada guztiak Euskal Herriko hiriburuan diren arren, Enkarterrietara jo dugu, Bizkaiko mendebaldera. Kantauri aldeko hizkuntzak eta kulturak ezagutaraztera emana den jaialdiak azken edizioa du aurten folk doinuz busti ohi dituen Santa Ana auzoko belartzetan. Hurrengora arte, Mendebala.

p049_f01.jpg

Anartz BILBAO

Paraje ezin zoragarriagoan kokatzen da Mendebala, antolakuntzako batek esan digunez «Bizkaiko paraje ezezagunena den Enkarterrietan». Zehatz-mehatz 2.500 biztanle inguruko Sopuerta herrian gordetzen diren Santa Anako zelaietan. Herenegun iluntzean sargori da bertan, makina bat jende dabil inguruan egun-pasa. Frontoian haurrak jolasean, kanpalekua alboan, eta ijito familia parea handik hurbil, txitxi-burruntzia egiteko sua pizten.

Erlojua bederatzietara doala eta, Xabi Aburruzaga zelai zabalean den oholtza zapaltzeko prest da. Trikitilari gazteak festa giroa eman nahi izan dio Mendebalaren agurrari, gero arte bat baino ez zaio begitantzen-eta. Portugaletetarrak hirugarren aldia du jaialdian. «Lehen edizioan izan genuen gurekin, eta 2010ean itzuli zen, `Denboraren naufrago' plazaratu berri zuela -adierazi digu antolakuntzako Santi Rodriguezek-. Beraz, bere bilakaera artistikoa ezagutu dugu eta bukaeran gurekin egon zedin nahi genuen». Hamabigarren eta azken edizioan, han dira Aira da Pedra, Celtas Cortos, Prau eta Emon ere.

Lan zatarra tokatu zaio Aburruzagari, jaialdia irekitzearena. Jotzen hasi eta inguruan sakabanaturik direnak batzea lortu duenerako amaitzear du jarduna; umeak dantzan jarri ditu bederen. Trikitilariaren ostean, gaueko talderik folklorikoenak hartu dio txanda, Aira da Pedrak. «Egungo musika tresnekin jotako Bierzo eskualdeko folklorea dakargu oholtzara», diote taldekideek. Orain hamasei urte sortua, laugarren lana prestatzen dabiltza, perkusiorik gabeko lehena. Taldea lehen ere izana da Mendebalan, baita Getxo Folk jaialdian ere. «Hirugarren emanaldia dugu Euskal Herrian. Sopuertan hurbileko harremana egin dugu, jaialdi guztietan sortzen ez dena; lagunak egin ditugu».

Jada gauerdia da, eta ezagun da hurrengo taldea Celtas Cortos dela. Ordura arte manta gainean eserita afaltzen ziren kuadrilla eta familiak zutitu dira -oraindik ere haur asko dabil hara eta hona-; mukuru dira zelaiak. Valladolidekoak beti bezain borrokalari agertu dira taula gainera. Behin eta berriro «osasuna eta anarkia!» oihuka, entzuleriarekin konexio bikaina egin du Cifuk. Mendebalaren alde eskuak luzatu eta ukabilak estutzeko ere eskatu du. Aurretik, antolatzaileek ekitaldi labur eta xume bat egin dute, herritarrei eta festibalariei agurraren zergatia agertzeko.

Oholtzak artisautza azoka du ondoan. Aurten ohi baino pobreagoa dagoen arren, postu batek arreta deitu digu. Asturiasko musika taldeen lanak ditu salgai, oso merke. Azalpenak euskaraz dituzten diskoak dira, Euskal Herria-Asturies Ixuxu elkarteak argitaratuak. Sortu berria den arren, ez da makala garatzen dabilen lana, gaur egun Bilbon bizi den Xicu xixondarrak aurkeztu diguna.

Apur bat urrutirago kanpalekua paratu dute ohi bezala, eta, agurraren edizioa egun bakarrez garatu den arren, dozena bat denda dira bertan. Asturiar bandera darama batek -izar gorri eta guzti-. Mamen ezagutu dugu bertan; sagardoa edatera gonbidatu gaitu. «Badira dozena erdi urte lagun kuadrilla batek Mendebala urteroko topagune duguna». Batzuk Mieresetik datoz, beste batzuk Bilbotik... Gero, Colindresko jaialdira jotzen dute, Kantabriara, baita Galdamesekora ere.

Mendebalari buruz, «parajea zoragarria da, arbolez inguratua. Izugarri gustatzen zait, baita entzungai den musika ere» esan digu Mamenek. Talderen bat aipatzeko eskatu eta asturiar guztiak bota dizkigu errenkadan, baita iaz jo zuen Esne Beltza ere, «harritu egin gintuzten». Agurtzerakoan, izatez asturiarra den arren Ondarroan hamahiru urte daramatzala bota digu «Kalandiko asturiarrak».

Hurbilagokoa da Miguel Angel, Deustutik dator-eta. «Sarri etorri izan naiz, eta aurten agurra dela entzun dudalako etorri naiz. Giroa bikaina da, baita taldeak ere, izar kosmikoak izan ez arren». Izenen bat aipatzekotan, gogoan du akitaniar talde saleroso batez gozatu izana, baita jaialdian Gwendall entzun izana ere, «oroitzapen onak ditut». Deustutik datorrela jakin dugu, baina urrutikoagoa zela begitandu zaigu gona eskoziarra jantzita begiz jo dugunean. «Zergatik? Hauxe iruditu zait horretarako toki aproposa!».

Goizaldearekin batera freskatu egin du Sopuertako zelaietan eta entzule asko erretiratu egin dira, familiak batez ere. Baina musika bizkortu eta berotzen hasi da giroa; Prau taldearen txanda da. «Aragoiarrak gara, eta gure hizkuntzan kantatzen dugu», adierazi digu rock taldeko baxu jotzaileak, haien azken lana, «Os pietz en a tierra» oparitzearekin batera. «Taldeak hiru ardatz ditu, gizarte kritika edo borroka, hizkuntza eta lurraren defentsa». Lehen aldia dute Bizkaian, ez ordea Euskal Herrian. «Vianan jo genuen 2007an. Nafarroa Oinez jaian izan den aragoiar talde bakarra gara!», azpimarratu digute harro.

Mendebala 2002an sortu zen, «Kantaurialdeko musika eta Kulturaren Jaialdia» azpitituluarekin -festibalak aurrera egin ahala lurraldea gero eta gehiago zabalduz joan da-. Bi egunez, lehen aipatu dugun Aburruzagaz gain, Betagarri eta Kepa Junkerak jo zuten lehen edizioan, Atlantica eta Luetiga kantabriarrekin, Brandiam eta Ruxe Ruxe galiziarrekin eta Corquieu asturiarrekin batera.

Geroztik asko izan dira Sopuertako ekimenak ezagutarazi dizkigun aireak: gehienak kantabriar herrialdekoak (Saltabardales, L´Arca de Sueños, Luétiga, Cahórnega, Naheba, Aura Kuby eta Gatu Malu), Gaskoinia-Okzitaniakoak (Gadalzen, Xarnege, Nadau eta Goulamas'K), Asturiaskoak (Dixebra, Tejedor, Gatos del Fornu, Felpeyu, Skanda, Xuacu Amieva, Hevia, Llan de Cubel, Skama la Rede, Falanoncaduca, Skontra eta Judith Mateo) eta galiziarrak (Luar Na Lubre, Xose Manuel Budiño, Susana Seivane, O Jarbanzo Negro, Berrogüeto, Mercedes Peón, Carlos Núñez, Lamatumbá, Milladoiro, Banda Potemkin, Cristina Pato eta Ulträqäns). Baita Kataluniako Maitips, Aragoiko Biella Nuei -Javier Paxariñorekin jo zuten- eta Bretainia inguruko Keltiac eta musika zelta jorratzen duen sona handiko Gwendall ere.

Etxeko talderik ere ez da falta izan; zerrenda luzea da eta egun folk musikak Euskal Herrian duen sasoiaren lekukotza ematen du: Tapia eta Leturia, Briganthya, Oskorri, Dronadar, Karidadeko Benta, Euri Ttanttak, Zura, Mal de Ojo, Gose, Seiren, Esne Beltza, Mielotxin, Sagarroi, Flipin Folk, Korrontzi, Adarrots, Bizardunak, Sokaide, Seafoid, Itziarren Semeak eta Ganbara.

Horrekin batera, ezin da ahaztu jaialdiak folk musikak ezagutzera emateko ahaleginean maketa lehiaketa bat antolatu eta bost disko ere argitaratu dituela, Dronadar, Ghatusain, Mielotxin, Adarrots eta Seafoid taldeenak. Atzo salgai ziren, ale bakoitza euro batean.

Aipatutako doinuez goza genezan (eta doan!) lan eskerga egin du antolakuntzak -batzuetan askori gauzak berez egiten direla begitantzen zaion arren-. 50 urte inguruko gizon-emakume multzoa osatzen dute, eta herenegun, goizeko lauak hurbil zirela, elkarrekin ziren, akiturik baina lanean oraindik ere. Agurraren aurrean, «sentipen gazi-geza dugu -aitortu digu taldeko Blancak-. Ondo egindako lanarena batetik, eta, bukatu beharraren pena, bestetik. Baina egia esateko, urte asko izan dira eta nekatuta gaude; ez dugu belaunaldi aldaketarik».

«Lana da guk jaialdiari eman dioguna, urte osokoa gainera», jarraitu du Blancak. «Eta jaialdiak gu lagun berriak egitera eraman gaitu, baita beste musika eta kultura batzuetara hurbildu ere. Gainera, herria ezagutzera eman du, Bizkaian bertan ez ezik, baita Euskal Herritik kanpo ere. Egun Sopuerta ezaguna da Asturias edo Galizian Mendebala jaialdiagatik!».

Lanak saria behar du, eskerrona baino ez bada ere, eta Mendebalak gero eta zailagoa izan du diru laguntzak lortzea; izugarri murriztu ei zaizkie azken urteotan. Hori dela-eta, aurtengo festarekin Mendebala egitasmoa etetea erabaki dute antolatzaileek. «Akaso on egingo dio atseden hartzeak, eta helduko da belaunaldi berri bat jaialdiari segida emateko ilusioarekin». Horra Mendebalako kideek buruan duten esperantza!

Gure aldetik goizeko lauak dira jaialdia atzean utzi dugunerako, eta oraindik Emon jo eta su dabil, sonoritate berrituarekin, «Konfeti kolore» aurkezten. Autorako bidean «La bilirrubina»-ren hotsak heltzen zaizkigu; dagoeneko ez da entzuleri zabala zelaietan, baina luzerako dute bertan direnak. Iji eta aja, asko jada tatarrez dabiltza.

Zelaian etzan eta gora begiratzen duenak gau izartsua aurkituko du. Argiak itzali eta piztu egiten zaizkigu tarteka, baina urrutian bada ere ortzian diraute izarrek. Iparra galdu gabe amatatu dira, Mendebala bezala.

Aburruzaga: «Berriz martxan jartzeko ekimena da»

Orain hamabi urte Mendebala irekitzeko ardura izan zuen Xabi Aburruzagak, artean musika munduan hasberria zela. Herenegun, jaialdia zarratzekoa. Portugaleteko trikitilariak ondo gogoan du aipagai dugun hitzordu hura, 2002ko uztailaren 5ekoa. «Boskotean etorri nintzen, txalaparta eta abarrez. Lehen aldia nuen oholtza handian eta publiko zabal baten aurrean; aukera bat bezala gogoratzen dut». Orain baino ezezagunagoa zen orduan trikitilaria, eta artega zen. «Oholtzaratu baino lehen kikilduta nengoen. Gurasoak eta etxekoak etorri zitzaizkidan entzutera; haiek ikusita lasaitu nintzen». Urteak joan dira harrezkero, eta eskarmentua egin duen bizkaitarrak oroitzapen politak gordetzen ditu jaialditik. «Lehen aldi hartako sufrimendua, esperientzia falta eta ikasteko asko nuela eta». Gero, 2010ean, «Denboraren naufrago» lana aurkezten izan zen, eta «eta pilo bat gozatu nuen. Eta gaur [herenegungo emanaldiari buruz] jaialdia irekitzea nekeza den arren, etxean bezala sentitu naiz, publikoarekin konektatu dut eta igarri egiten da berotasun hori. Festa bat izan da». Izan ere, festa giroa eman nahi izan dio agurrari. «nahiz eta pena handiarekin hartu. Esan zidatenean txantxa bat zela uste nuen. Azkenean erre diren arren, antolatzaileek bukaera arte eutsi diote jaialdiaren filosofiari eta debalde eman dute, fidelak izan dira Mendebalarekin eta goraipatzekoa da beraien ahalegina». Etorkizunerako, baikorra dela adierazi digu Aburruzagak. «Uste dut etorkizunean berriz martxan jarri beharreko ekimena dela Mendebala. Egin diezaiogun deialdia hemendik instituzioei, babesa eman diezaioten denontzako apustu interesgarria den kultur jaialdiari».

A.B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo