Jendetzarik gabe askoz hobe: hanka bat apurtuta, ezbehar bakarra
Asteburua gaindituta, beste itxura bat hartu zuen atzo entzierroaren ibilbideak. Esan liteke estreinako lasterketaren jendetzaren erdia baino ez zela bildu atzokoan. Horien artean, edozein kasutan, kanpoko jende asko: horren seinale da erietxera eramandako lau lagunak ez zirela etxekoak, ezta Euskal Herriko gainerako tokietakoak ere.
Zauritu horien artean, ezer larririk ez. Ezbehar gogorrena Ameriketako Estatu Batuetako 41 urteko korrikalari batek jasan zuen, Mercaderesen jasotako kolpe baten ondorioz tibia eta peronea hautsi baitzituen. Azkar eta tropelean bilduta igaro ziren Dolores Aguirreren zezenak kale horretatik. Gero ezinbestean erritmoa moteldu egin zuten eta lasterketa itxurosoak egiteko aukera sortu zen Estafetan zehar.
Gainerako hiru zaurituetatik bik -Alacant eta Bartzelonatik iritsitakoak- berehala jaso zuten alta. Madrilgo Fuenlabrada hiriko 35 urteko gazte batek, ordea, ez; buruan kolpe gogorra zuenez, erietxean ingresatuta geratu zen badaezpada.
Lasterketak bere miraritxoa ere izan zuen, nola ez. Oraingo honetan Estafeta kaleko hasieran gertatu zen: lurrera eroritako gazte bat behar baino lehenago zutitu zen eta zezenen aurre-aurrean gelditu zen. Adardun batek buruarekin kolpatu zuen, baina onik atera zen.
Baziren Dolores Aguirre ganadutegikoen artean izua sortzeko moduko animaliak, bereziki «Vazqueño» izenekoa; 645 kilorekin sanfermin hauetako handiena izan daiteke. Baina zuzen-zuzen egin zuten bidea, aldeetara jo gabe, txintxo. Soilik batzuen eta besteen erritmo ezberdinaren ondorioz zatitu zen zezen taldea. Bi sartu ziren lehenik zezen plazan, gero beste bat, eta ondoren laugarrena; azken hori ere bere kasa. Une horretan kapadun batek estualditxoa pasa zuen, lau zezenen artean erdi harrapatuta gelditu zelako, baina sustoa izatera ere ez zen heldu. Bi minutu eta 27 segundo eskasetan, zezen guztiak batuta zeuden bere azken etxean.
Joalduna, aurkako norabidean
Hain lasai joan zen dena, entzierroetan lasaitasuna aipatzerik baldin bada, joaldun bat bilakatu zela azkenean protagonista. Zezenen laguntzaile izate hutsarekin konforme ez balego bezala, zeresana eman zuen bukaeran joaldunak, bai eta larrialdiren bat edo beste sortu ere.
Mercaderes kalean irristatu zen adarduna eta danbateko ederra hartu zuen lurraren kontra. Antza, horrekin tentelduta altxatu zen joalduna, non zen ere ez zekiela, lagunengandik urruti. Orduan kontrako norabidean abiatu zen. Lanak izan zituzten plazarako bidean jartzeko.