Nicolas Sarkozy: zizta eta zizta, eztena prest
Ofizialki ez dago ezer erabakita. Isil-gordean, baina, prestaketa eta maniobra garaiak dira. Nicolas Sarkozy Estatu frantseseko presidente ohiaren itzulera ageriko sekretua da, eta ongi taxututako estrategia baten eskutik dator. Ustelkeria kasuetan inputatua -bereziki, L'Oreal inperioaren jabe Liliane Bettencourt-en ahuldade eta eritasunaz aprobetxatu izanagatik- eta barne mailan aurkariek kuestionatua -lehen ministro ohi François Fillon-ek 2017ko presidentegaitzat aukeztuko dela aurreratu du- izateaz gain, azken kanpainako finantziazioa maltzurragatik hamaika milioi euro publiko ez jasotzera kondenatu berri dute UMP bere alderdia. Sarkozy, baina, ezerk ez du gelditzen. Are biktima bezala aurkeztuz -Italiako Berlusconik maisuki askotan egin bezala- eta inputazioak eta kondenak aukera bezala bilakatuz, bere ekipo guztia martxan jarri du. Kuriosoa da, UMP ekonomikoki ito nahi dutela eta «Sarkothon» -Telebistako diru-bilketen maratoiekin egindako hitz-jokoa- bat antolatu dute, eskubiko jendearen dirua bildu eta gogoa mobilizatuta, tranpolin berria lortzeko. Hots, asfixia ekonomikoa salatu eta oxigeno politikoa hartzeko.
Adierazpen askatasuna errekuperatzeko, presidente ohiei legez dagokien Kontseilu Konstituzionaleko aulkiari uko egin dio. Zizta eta zizta ibiliko da gero, bere anbizioa -presidentearen aulkian esertzea- gauzatzeko eztena beti prest.