GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Biharamuna

Markel IRIZAR | RadioShack taldeko txirrindularia

Uztailaren 8a, uste dut 7an San Fermin eguna ospatzen dela, biharamun egunarekin erlazionatuko du batek baino gehiagok. Guk ere, pelotoian uztailaren 7an Iruñeko Movistar taldeak egindako «entzierroa» dela-eta, atseden eguna biharamun pixka batekin hasi dugu.

Pirinioetako etapa erreginan gogotik sufritu eta gero, behin buruak atseden hartzen duenean, gorputza ere behera etortzen da. Hala, erlaxatzen zaren momentu berean, aste guztiko nekearen zama gainera datorkizu. Hala ere, asko sufritu arren, ez dut berehala ahaztuko atzoko [herenegungo] etapa. Irteeratik ihesaldiak tapatzea zen nire egitekoa, eta Aspet baino hiru kilometro lehentxeago egindako saiakera baten ostean, berehala ulertu nuen zezenak tribunatik ikusiko nituela.

Atzeko multzoan joan arren, aurrenekoengandik minutu mordoxkara, ikaragarria izan zen zaleen harrera. Zer esanik ez Etxe Ondon egindako «Aupa Markel» eta «Aupa Haimar» lelodun eta ikurrinarekin apaindutako banderak ikustean sentitutakoa... Benetan, berriz ere gogora ekartzeaz bakarrik hunkitu egiten naiz!

Horretxegatik, dezenteko biharamuna izan duen zerbaiti bati buruz arituko natzaizue gaur. Andy Schleck, behin etapa bukatuta, euskal zaleek eskainitako babes ikaragarria dela-eta, zaleekin zorretan sentitzen zen. Autobusean aireportura gindoazela galdetu zidan ia nire ustez zer egin zezakeen euskal zalegoari eskerrak eman ahal izateko. Nik erantzun nion euskaldunok gure herria eta hizkuntza errespetatzen dutenei begirunez begiratzen diegula, eta, nire ustez, ez legokeela ezer politagorik eta zaleekiko errespetu gehiago erakutsiko lukeenik euskara hutsean Twitter bidez eskerrak ematea baino. Andyk oso begi onez hartu zuen ideia, eta berak ingelesez esandakoa euskararazi zidan. Sare sozialetan ibili ohi ez zaretenontzako, jakizue 2.000 pertsonak birbidali zutela bere mezua, hau da, 2.000 pertsonak eman nahi izan zutela aditzera Andyk euskaraz zer esan nahi izan zuen.

«@andy_schleck: Mila esker euskal zale guztiei zuen babesagatik! Munduko zale onenak zarete!! Alpeetan nahi zaituztet...». Tuit horrek jada munduari bira eman diola esan daiteke, eta, horrela, mundu zabal horretan jakingo dute gure Euskal Herri honetan zer-nolako jendea dugun eta txirrindulariek zenbat estimatzen dituzten euskal zaleen animoak, begirunea eta jarrera dotorea.

Nahiko nuke biharamun guztiak hau bezalakoak izatea, izan ere, Tourrera gerturatu ziren zaleak ere guztiz nekatuta egongo diren arren, horrelako gauzak irakurri eta gero, biharamuneko ajeak errazago eramaten dira. Beste behin txapela kentzen dut zuen aurrean, zuek gabe txirrindularitza ez litzatekeelako berdina izango!

Besterik gabe, siestatxo bat egitera noa, atzo [herenegun] egindako gehiegikeriak erremediatzera. Etzi arte, ondo izan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo