Trontza | Nafarroako Txapelketa
Inor ez da faboritoak mendean hartzeko gai izan
Barberena anaiek mutiletan eta Sorondok eta Garciak nesketan lortu zituzten txapelak.
Jon LEUNDA
Barberena anaiek mutiletan eta Sorondok eta Garciak nesketan lortu zituzten atzo Nafarroako txapelak. Horrekin, eman zitzaion hasiera sanferminetako jaialdiei. Beti bezala, jendeak erantzun handia eman zuen Iruñeko Foruen enparantzan, nahiz eta sekulako beroa egin.
Neskak izan ziren saioari hasiera eman ziotenak, eta bakoitzak 45 ontzako enbor bati hamar epai eman behar izan zizkion. Sorondok eta Garciak lortu zuten txapela, eta sekulako lana egin zuten, lehiaketako marka berria ezarriz. Beroari ere aurre egin behar izan zioten. Bost minutu eta bederatzi segundo behar izan zituzten egin beharrekoak amaitzeko.
Atzetik Ontsalo eta Astiazaran sailkatu ziren, eta hauek 25 segundo gehiago behar izan zituzten. Txapeldunak ongi eta asko estutu zituzten, baina amaieran sailkapeneko bigarren postuarekin konformatu beharra izan zuten. Iraizoz ahizpak ere ez ziren oso aparte geratu, baina hirugarren postuan sailkatu ziren, podiuma osatuz. Nuñez eta Lopez sailkatu ziren laugarren postuan, Astondoa eta Mazkiaran bosgarren, eta azken postuan, seigarren, alegia, Sanchez eta Urriza geratu ziren.
Barberena anaiak ziren mutilen txapela irabazteko faborito nagusiak, eta ez zuten hutsik egin, garaipena erdietsi baitzuten, Euskal Herriko txapela irabazteko ere faborito nagusiak haiek direla argi eta garbi utziz. Bikote bakoitzak hamalau epai eman behar izan zizkion etzanda jarritako kana-erdiko bati, eta beste lau zutik jarritakoari.
Barberena anaiei hasieran eutsi egin zieten Kañamares III.ak eta Eugik, baina txapeldunek apurka-apurka aldea ateratzeari ekin zioten, eta amaieran 7 minutu eta 30 segundoan burutu zituzten beraien lanak, denbora bikaina lortuz.
Kañamaresek eta Eugik ere ez zuten lan txarra egin, baina txapeldunengandik 46 segundora amaitu zuten beraien egin beharra. Biak oraindik oso gazteak dira, eta etorkizun handiko bikotea osatzen dutela erakutsi zuten. Atzetik, Cano eta Maiza sailkatu ziren, podiuma osatuz. Laugarren Pikabea anaiak izan ziren, eta azken postuan, berriz, atzoko bikoterik gazteena, Kañamares lehengusuak, geratu ziren. Hauek ere etorkizunean emango dute zeresana. Azken posturako ere borroka oso polita izan zen, tarte txikian sartu baitziren azken biak.
Motozerrarekin jokatzen den lehiaketa bakarra da Iruñean egiten dena, eta gaur izango da hori. Bertan, Mariñelarena, Arruti eta Salvador neurtuko dira. Bakoitzak lau proba ezberdin egin beharko ditu, eta denak batuta onena denak eramango du lehiaketako txapela.
Gaur ere jaialdia 12.00etan hasiko da, eta bertan ingude altxatzeko finalak jokatuko dira. Mutiletan, Urrutia, Iribarren, Bujan eta Izuzkiza neurtuko dira. Nesketan, berriz, Sousa, Gastearena, Ariztegi eta Diaz lehiatuko dira. 18 eta 9 kiloko ingudeak erabili beharko dituzte.