GARA > Idatzia > Kultura

UDATE | Getxo Jazz

Konpasa oinetan

p051_f07.jpg

Anartz BILBAO

New Orleans hiriko jazz musikari familia batean orain bost hamarkada jaioa da Wynton Marsalis, egun jazz musikak bizirik duen izarrik distiratsuenetarikoa. Herenegun Getxo Jazzen izan zen tronpetari putz eginez jaialdia ixten.

Tarteka Getxora porturatzen diren gurutze-ontzien antzera Jazz at Lincoln Center Orchestrak goi mailako hamabost musikari oholtzaratu ditu, denak berdin jantzita. Heldu samarrak dira, gizonezkoak guztiak eta erdiak baino gehiago beltzak. Tartean dute Marsalis maisu eta gidaria, beste edozein musikari legez tronpeta jotzaileen artean gordea. Eskola zaharreko jazza emango digute, oso-oso fin joa, eta musika generoaren historia laburtu, 1940ko eta 1950eko hamarkada loretsuetan arreta jarrita.

Big band-ean Carlos Henriquez puertoricarrak jotzen du kontrabaxua, eta berak ematen ditu azalpenak gazteleraz; eskertzen da. Karrankarik gabe, Kenny Dorham, Duke Ellington edo Count Basiek («I left my baby») sortutako doinuak entzuten ditugu, baita Henriquez berak sortutako «Calle de oro» txalotua ere (Machitoren omenezko pieza karibetarra); musikari bakoitzak badu bakarka nabarmentzeko tartea.

Chick Corea piano jotzailearen «Straight up and down»-ek itxi du kasik bi orduko saioa txalo zaparrada artean. Eta opari gisa, Marsalis birtuosoak aulkitik jaiki eta seikotean Charleston delikatu bat jo digu San Fermin egunez. Swing-ik ez da falta hemen, konpasa oinarekin laguntzen da entzuleria osoa.

Balorapena

Marsalisen tronpeta mututu bezain pronto, Biotz Alai plazan bertan, Iñaki Saituarengana jo dugu. Getxo Jazz jaialdiko zuzendariak neke aurpegia duela begitandu zaigu, baina asebeteta ere ematen du. «Guztiz balorapen baikorra egiten dugu. Oso musika ona entzun dugu bost egunotan, jende asko hurbildu da zuzenekoetara». Ordaindu beharrekoetan asteazkena izan zen egunik apalena -Ignacio Berroak ireki zuen jaialdia- eta Rubalcabak larunbatean ia-ia plaza bete zuen. Beste hiru hitzorduek, agortu egin zituzten sarrerak; Wynton Marsalisek igandeko itxieran, Stacey Kentek ostegunean eta Al Di Meolak barikuan -guk azken honen 1996ko The Guitar Trio Gasteizen kokatu genuen eta... Getxon bertan jo zuen!-. «Kontzertuak oso onak izan dira eta bukaera sutsuak izan dituzte entzuleriaren partetik. Izan ere -jarraitu du Saituak- Geltokia plazako zein Biotz Alaiko artistek beti esan digute gure publikoa oso beroa dela, laster sartzen dela musikan eta asko animatzen dituela musikariak». Beraz, eta etorkizunera begira, «oso zaila izango da ez aurtengoa hobetzea, baita berdintzea bera ere. Baina saiatuko gara».

Antolakuntzak jakinarazi duenez 12.000 entzule erakarri ditu Getxo Jazzen 37. edizioak. Bertan egoterik izan ez baduzue edo jaialdiko une gogoangarrienak birgogorarazteko, www.ikuslab.com helbidean dituzue eguneroko bideo-laginak.

Jazz europar berriarengan arreta jartzen duen lehiaketari dagokionez, poloniarrak izan dira nagusi -lautik bi talde bertakoak ziren-. Saria Pernal Szkil Quintet-ek erdietsi du, Artur Tuznik Trio danimarkarren aurretik, eta azken hirukote honetako gidaria, Artur Tuznik piano jotzailea, izan da gehien nabarmendu den bakarlaria, epaimahaiaren zein publikoaren aburuz. Azken horrek, entzuleriak, beste talde poloniarra, Freeway Quintet saritu du.

Poloniarrek zein danimarkarrek parte hartze sutsua izan dute Piper's Irish Pub-ean gauerditik aurrera izan diren jam session alaietan, musikari katalanekin (Abel Boquera eta Albert Vila) edo euskaldunekin (Juan Ortiz eta Borja Barrueta) nahasian. Piano jotzaile sarituak, esaterako, kontrabaxuan ere moldatzen dela erakutsi zuen ostiralean. Ez gara hemen goizaldeko kontuak argitzen hasiko, baina... itzela saio libreetako giro eta bizitasuna!

Fitxa

Taldea: Wynton Marsalis.

Lekua: Biotz Alai plaza. Getxo.

Data: 2013-7-7.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo