UDATE
Hitza jolas
Joxemari Carrere | Ipuin kontalaria
Mirri marrau. Zer behar dugu jan gaur? Papa ta txitxi. Non da ene partea? Pareta xilo artean. Ez han, bai han/ Katu buru beltzak jan». Haur txiki-txikiei kantatzen omen zitzaien Erronkarin eta Baxenabarre aldean Azkuek bere «Euskalerriaren Yakintza» lanean jasotzen duenaren arabera. «Martin Bonbil, erregearen sorgin, tipula ta gatz, Martin buru latz, egizak ipurdian hatz», zioten Lapurdin.
Mintzoaren jolasa da, mingainaren dantza. Hizkuntzaren dibertimendua. Hizkuntza hiztunen jolasean sortzen eta garatzen den ekintza intelektuala da, eta jolas hori askatasunean bakarrik goza daiteke. Hizkuntzaren jolasak, beraz, hiztunari gozamena ekartzeaz gain, nolabaiteko mundu magikoetan barneratzeko bidea emanen dio.
Halako gogoetak eta bestelakoak izan ziren Ahoa Bete Hots ahozkotasun jardunaldietan. Villabonako Mintzola etxean arlo ezberdinetako partaideek alde teorikoan zein praktikoan hizkuntzaren jolasaren garrantzia azpimarratu zuten hizkuntzaren beraren zein hiztunaren garapenean. Alde batean, hizkuntz garapena garaietara egokitzen joaten da, eta, bestaldetik, hiztunaren garapen intelektuala legoke. Juan Krutz Igerabidek aipatu zuen bezala, pentsamendu magikotik pentsamendu zientifikora pasatzeko zubia artea da. Eta jardunaldietan artea bi aldeak elkartzen saiatu zen, kontaketatik, antzerkitik, kantutik eta bertsotik. Herri tradizioak hizkuntzarekin jolastu izan du ez denbora-pasa gisa soilik, baita mundu ikuskera eta pentsamendu bat transmititzeko ere. Ipuin kontaketaren bitartez, Igerabidek aipatu zubi hori zer-nolako zutabeekin eraikitzen ari ote garen hausnartu beharko dugu. Jolastuz, jakina.