GARA > Idatzia > Kultura

UDATE | IPAR EKHIAN

Aintzirako uretan

Jon GARMENDIA | Idazlea

Donostiako bikote gazte bat topatu dut Senpereko aintzirari itzulia egin berri. Maiatzean ezagutu zuten ur putzua, Herri Urrats festaren karietara, lagunekin euskararen aldeko festara etorri baitziren. Tokiaz maitemindu, eta, uztailean oporrak dituztenez, lehen aldikoz hamabost egun Ipar Euskal Herrian pasatzea deliberatu zuten. Hau dena kafe bat hartuz kontatu didate, justuki, Aintzira izeneko ostatuaren terrazan, ordu laurden lehenago ezagutu baititut. Nola hala frantsesez eginiko hitz batzuekin egin didate lehen galdera, eta bitxi egin zait euskaraz ez galdetu izana, hemengo hizkuntza frantsesa dela onartua balute bezala; bitxiago egin zait halere galdetu didatena. Maulera joan nahi dute, eta Senperen autobusa edo trena har dezaketen eskatu didate. Hendaiaraino topoan etorri omen dira, eta gero autostopean honaino; harriturik, abentura luze bat izan dela aipatzen dute. Ez, Senperetik Maulera ezin da autobusez edo trenez joan, eta ez, Ipar Euskal Herriak ez ditu garraio sare publikoak behar adina garatuak; horretan urrun da hegoaldeko euskal lurretarik. Urrunago dago hango biztanleek ezagutua izatetik. Niri ere gertatzen zitzaidan. Urruneko paisai eta herri politak ezagunago nituela askoz gertuago nituenak baino. Uda ederra da hemen, merezi du hemengo jendeak nola bizi duen ezagutzeak; beraz, etorri. Agian, irakurleak euskaldunak zaretela jakinda, formulazio honek arrakasta gehiago izanen du: ez etorri.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo