GARA > Idatzia > Ekonomia

Lur salmenta espekulatiboak ekiditeko ahaleginean hiru lorpen izan ditu Lurzaindiak

Elkartea sortu zenetik hilabete batzuk igaro direlarik, dagoeneko lorpen inportanteak izan ditu landa lurren espekulazioaren kontrako borrokan. Aurtengo aurreikuspenei aurre egiteko 220.000 euro beharko ditu.

p027_f02.jpg

GARA | BAIONA

Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoko nekazaritzako lurrak babesteko eta laborari gazteen instalazioa errazteko sortu zen Lurzaindia urte hasieran. Geroztik, zazpi landa lurren salmentetan parte hartu du Lurzaindiak bere burua erosle gisa aurkeztuta. Horietako hiruren kasuan, erosketa gauzatu eta lurrak beren izaera atxikitzea lortu du elkarteak.

Baigorriko bi hektareako lur eremu bat izan zen bere lehen lorpena. «Artaldeen pasaerarako soilik baliatzen diren lurrak izan arren, hazkuntza eta nekazaritza sistemaren oreka bermatzeko guztiz beharrezkoa den lur eremu hori salmentan jarria izan zen, izugarrizko salneurrian», azaldu zuen atzo Baionan Marie-Christine Elizondo Lurzaindiako presidenteak.

Eskatutako salneurri horrekin lurrok eskuratzea ezinezkoa bilakatzen zen edozein laborarirentzat. Hala, landa lurren salerosketak kudeatzeaz arduratzen den SAFER egiturara jo zuen elkarteak. Egitura ofizial horrek lehentasun eskubidea du landa lurren salmentetan, baita lurren prezioa berrikustekoa ere. «Baigorriko lurren kasuan, esaterako, eskatutakoaren %75 beheititzea erdietsi zen», adierazi zuen Elizondok, lehen garaipen horretaz harro.

Akziodunen beharra

Lurzaindiak bere egitekoa aurrera darama, diskrezioz baina eraginkortasunez, batez ere, lekuko erakundeekin elkarlanean. Izan ere, baserri eta landa lurrak «neurriz kanpoko prezioetan» saltzea ekiditeko xedean, tokiko erakunde horiengandik jasotako babesa oso lagungarria da.

Pitinka-pitinka tokiko erakundeak landa lurrak mantentzeak berebiziko garrantzia duela jabetzen ari dira Mattin Etxekopar ELB sindikatuak Lurzaindiaren baitan duen ordezkariaren ustez. «Instituzioak eta SAFER bera ohartzen ari dira etxalde batzuen hedatze sistematikoa baino egokiago dela laborari gazteek etxaldeak martxan jartzea. Horrekin, gainera, barnealdeko desertifikazioaren kontra egiten da», esan zuen. Alta, horri guztiari erantzuteko diru-funtsak ezinbestekoak dira. Aurtengorako 370.000 euro biltzea aurreikusi zuten, eta, momentuz, 150.000 euro bildu dituzte. Ekarpen horiek akzioen erosketen bidez egiten dituzte.

Ekarpenak inbertsio herritarra eta ez dohaintza bat direla gogoratuta, pertsona fisiko zein juridikoei Lurzaindiaren akziodun bilakatzeko deia egin zieten. Informazioa: www.lurzaindia.eu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo