GARA > Idatzia > Kirolak> Tour

Markel IRIZAR | RadioShack taldeko txirrindularia

Tourra, erakusleiho onena

Tour honetako aurreneko bakarkako erlojupekoa Mont-Saint-Michael izeneko leku zoragarrian bukatu da. Aitortu behar da euren izaera garratzak eta sarritan ezatseginak izorratzen duen herri izugarri polita dutela frantsesek: Alpeak, Pirinioak, hondartza, historia.... Frantziak denetik dauka, eta herritarren izaera goxoagoak are eta erakargarriago egingo lukeen arren, aitortu behar da izugarrizko parajeak ikusi ditugula Tour honetan zehar. Korsikan hasi zen Tour honek liluraturik utzi gaitu bat baino gehiago uharteko edertasunagatik, eta egon garen beste tokiek ere ez dute maila askoz baxuagoa eman.

Tourraren bidez, 144 herrialdetan ikusten diren telebistako irudien bidez, frantsesek Frantziako leku apartenak erakusten dituzte, eta, horrez gain, beste herrialde batzuek publizitatean xahutzen duten dirutzaren kontura, Tourraren antolakuntzarekin izugarrizko bussines-a egina dute. Eta zer diren gauzak, gaurko [atzoko] erlojupeko eder hau hastera noala, zuzendariak %100ean ez lehiatu, eta, bide batez, Andyrentzako lanerako indarrak gordetze aldera, paraje zoragarri honetaz gozatzeko esan dit. Eta pena izan arren, bildutako jendetzarekin eta paisaiaren edertasunarekin gozatzeko ideiarekin ekin diot erlojupekoari. Izan ere, ikaragarria da goiz-goizetik irteerara inguratu den jende mordoa.

Horretxegatik, zaila egiten zait ulertzea nola etxe komertzial gehiagok ez duten erabiltzen txirrindularitza publizitatea egiteko. Mundu osoan urtero ikusten den kirol ekitaldi garrantzitsua da Tourra, eta Olinpiar Jokoen eta Munduko Futbol Txapelketaren atzetik, kirol probarik garrantzitsuena. Gainera, sarrera ordaindu beharrik ez daukanez, edozeinen poltsikora egokitzen den kirola da txirrindularitza.

Bereziki gozatu dut gaur [atzo] prestatu duten erlojupekoaz. Paraje zoragarria izateaz gain, jendez gainezka, autokarabanak eta autoak nonahi, eta bete-betean egin beharraren estresik gabe, “zirku” honen parte izan eta goza daitekeen egun horietakoa izan da. Ia etorkizunean ere gozatzeko egun gehiago dauden sufritzeko baino, eta, erakusleiho bikain honetan, ia gure dortsala eta gure babesleak erakusteko gai garen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo