GARA > Idatzia > Kultura

UDATE

«Goenkale»-ko iraganeko sekretuak Donostian argituko dituzte asteburuan

Euskal Herriko hainbat antzokitan izan ostean, Donostiara iritsi da «Goenkale» telesaileko pertsonaiekin osatutako «Kondesaren erretratua» antzezlana. Antzoki Zaharrean ostegunetik asteburu osoan zehar ikus daitekeen obran telesail mitikoaren hasierako pertsonaien iragana harrotuko dute eta sekretu izugarri bat aterako dute argitara. Andoni, Rakel, Nelson, Ibon, Itsaso eta Eider, denboraldi desberdinetan agertutako pertsonaiak, dira protagonistak.

p051_f01.jpg

Nagore BELASTEGI | DONOSTIA

Gela bat, eserlekuak, eta erdian emakume baten erretratua; hori da «Goenkale»-ko pertsonaiekin osatutako antzezlanaren abiapuntua. Glu-glu eta Pausoka ekoiztetxeek «Vaya Semanita» saioaren moldaketak oholtzan izan zuen arrakasta errepikatzeko asmoz sortutako lana da «Kondesaren erretratua».

Dagoeneko Euskal Herriko antzoki ugaritan izan dira, eta orain Donostiako Antzoki Zaharrean daude. «Ea jendea animatzen den eguraldi honekin», esan zuen Ylenia Bagliettok (Eider); «euria egingo balu, agian... hondartza hemendik 20 metrora dago-eta!», erantzun zion Xabier Perurenak (Ibon); «hemen aukera dute fresko-fresko egoteko», argudiatu zuen Felix Arkarazok (Andoni). Istorioa osatzen duten beste hiru aktoreak Maria Cruickshank (Itsaso), Karlos Nguema (Nelson) eta Yannick Vergara (Rakel) dira.

Horietatik hiru pertsonaia telesaileko egungo istorioan daude; beste hirurak azken 19 urteetan aritutakoak dira. Seiak batzeko aitzakia da «Kondesaren erretratua», espresuki sortua eta hasiera eta amaiera dituena. Tentu handiz aritu ziren aktoreak, aipatu behar ez zituztenak ondo gordetzeko. Erretratuko damarekin dauka zerikusia istorioak, noski, eta telesaileko hasierako pertsonaien iragana arakatzen dute. «Sorpresa bat dago. Lehenengo atalarekin dauka harremana, beraz, batzuek izango dute aukera nostalgiko jartzeko», zehaztu zuen Vergarak, hitzak neurtuz.

Nostalgiko asko izango da ikusleen artean, 19 urte luzeren ondoren «Goenkale» inoiz ikusi ez duenik aurkitzea zaila izango baita. Nork ez ditu gogoratzen Maria Luisa, Joxe Mari, Gaizka, Mikel, Txapas, Ainhoa... eta Andoni, Arraldeko ertzaina. «Behin Miramonen nengoela benetako ertzainak etorri zitzaizkidan esanez eskoltak zirela eta ez zekitela nola hartu perimetroa, eta tentazioa izan nuen jokoa jarraitzeko -kontatu zigun 14 urtean pertsonaia bera antzeztu zuen Arkarazok- noizbait esan didate ea benetan ertzaina naizen, eta hori piropo bat da niretzat, pertsonaia sinesgarria izan zelako».

Taulatik jaisten direnean

Antzerki eta telebistatik at badituzte beste ofizio eta afizio batzuk. Nguemak funk eta soul musikak nahasten dituen Black Gamba taldean kantatzen du; Perurenak harategian aspalditik egiten du lan eta aktore lanari ekin zion, txikitatik «nahiko pailazoa» izan delako, eta aitari ideia oso gustuko ez bazuen ere, probatu egin zuen; Bagliettok, ordea, txikitan ikasi zuen publiko aurrean egoten, gimnasia erritmikoa egiten baitzuen. Berarentzat sentsazioa berdina da. Ez, ordea, telebista eta antzerkia. «Telebistan egin eta ahaztu egiten dugu, antzerkian ezin dugu ahaztu... bueno, batzuetan ahazten dugu!», bota zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo