GARA > Idatzia > Kirolak> Tour

Markel IRIZAR | RadioShack taldeko txirrindularia

Gora ezkonberriak!

 

Etapako 65. kilometroan hasi da gaurko abentura. Irratitik Kim zuzendariari deitu diot: «Kim, Markel naiz, ur bila noa, zeren ematen du hornikuntza gunean haizea saihetsetik egongo dela eta hobe orain ura hartzea». Eta Kimek autotik: «Ados, jaitsi autora, orain momentu ona da eta». Hortik 25 segundora, tropeleko azkenengo postuetan nengoenean, Kimek oihuka irratitik: «Denok aurrera, Omega eta Belkin tiratzen jarri dira, pelotoia bi zatitan hautsi da!». `Elegante!', diot neure gogorako. Justu autora ur bila noan momentuan «liatu» behar da dena saihetseko haizearekin! Baina tira, sikiera Andy aurrean dago eta zer egingo diogu ba...

Hortik gutxira, Valverdek gurpila hautsi duela esan digute irratitik, eta orduan pentsatu dut zorte txarra horixe dela, podiumeko postuetan egon eta matxura bategatik dena pikutara joatea. Eta horrela, egun osoa saihetseko haizearekin borrokan, nahiko nekatuta iritsi gara helmugara. Baina honek aurrera jarraitzen du atsedenik gabe. Egunero gertatzen da zerbait Tourrean eta, ondo bidean, zutabe hau irakurtzen ari zaren bitartean, jo eta su dinbi-danba batean Tourreko pelotoian denak emanda ibiliko gara, batek baino gehiagok gurutze bat jarri eta ihesaldia helmugaraino irits daitekeen etapa dela pentsatzen dugulako.

Hala ere, eta beste alor batean bada ere, ez naiz ni denak emanda ibiliko den bakarra. Arrasateko «golfo» kuadrilla bat, Donostiako jatetxe batean, beraiekin nahi beste egoterik ez dudan arren ikaragarri estimatzen ditudan Ane eta Ibanen ezkontzan denak emanda ibiliko da, dantza batean, ni adurra dariola Frantziako errepideetan nabilen bitartean.

Txirrindulari izateagatik ordaindu beharreko prezioa da familia nahiz lagunekin urtean zehar sortzen diren bazkari eta bestelakoetan egoterik ez izatea. Halere, Donostiatik mila kilometrora egon arren, neure burua Donostian ere egongo da pixka bat. Urrun egon arren, orain arte bezain zoriontsu izan daitezela opa nahi diet gaur ezkonduko diren lagunei, eta goza dezatela beraientzat horren garrantzitsua den egun hau. Horrexegatik, ezkontzan epel-epel egongo diren «golfo» guzti horiei eskatu nahi diet egin dezatela topa behin nire partez, Ibanek eta Anek, Anek eta Ibanek, hori eta gehiago merezi dute eta.

Gora ezkonberriak!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo