GARA > Idatzia > Kultura

UDATE

Karmenetako bigarren egunari ekingo diote Markinan, kuadrillen egunarekin

Parte hartzea da jai hauen ezaugarri nagusia. Gaur, Kuadrillen Eguna ospatuko dute herritarrek, bazkari herrikoia, txaranga eta kontzertuak tarteko. Kantuz emango dute igandea eta astelehenean, Txosna Egun berezia antolatu dute Txosna Batzordeko kideek.

p053_f01.jpg

Jonebati ZABALA | MARKINA-XEMEIN

Zerutxu dantza taldeak botatako txupinazoak eman zien hasiera atzo Markina-Xemeingo Karmen jaiei. Festen bigarren egunari ekiteko, Kuadrillen Eguna ospatuko dute gaur herritarrek. Pilotazaleek hitzordu berezia izango dute gaur; izan ere, herriko frontoi txikian buruz buruko esku pilota txapelketako finalak jokatuko dira, 10:00etatik aurrera. Eguerdian kalejira izango da herrian zehar eta 14:30ean, herri bazkaria antolatu dute zelaian, urteroko ezinbesteko zita bihurtu dena. Adin guztietako jendea biltzen da bertan, eguna giro atseginean pasatzeko asmoz. Gehienek janaria etxetik eramaten duten arren, bada bertan prestatzen ausartzen denik ere.

Bazkalostean, Abarka antzerki taldeak antolatuta, kantuak, dantzak, antzerkia eta playback lehiaketa egongo dira zelaian bertan. Zahar, gazte zein umeak parte hartzera animatu dituzte; izan ere, ez da faltako ez sari eta ez sorpresarik.

Hau Dok Hau txarangak Markina-Xemeingo kaleak girotuko ditu arratsaldean. Baina musika eskaintza ez da hor amaituko, gauean, Ze Esatek eta Tximeleta erromeria taldeek kontzertua emango dute zelaian.

Herria kantu-kantari

Herria Kantuz eguna izango da biharkoa, musikari zuzendutakoa beraz. Goizean goiz txistulariek herritarrak esnatuko dituzte. Xemein Gazte Ahots abesbatzak kontzertua eskainiko du Arkupe aurrean. Arratsaldean, leku berean, parte hartu nahi duten guztiek hemezortzi euskal kanta tradizional abesteko aukera izango dute. Kantuen letrak egunean bertan banatuko dituzte, baina Markina-Xemeingo Udalaren webgunean ere eskuragarri daude kantu liburuxkak. Txosnetan, bihar gauerdirako jolasak antolatu dituzte.

Astelehenean, Txosnen Eguna izango da eta hainbat jarduera antolatu dituzte. 16:00etan, kuadrillen arteko pentatloia izango da. Parte hartzaileek hainbat proba gainditu beharko dituzte lehiaketa irabazteko; besteak beste, piraguak, piramidea, galderak eta erreleboak. Hainbeste ariketa fisikoren ostean, gorputza ondo hidratatzeko, «bertso-triki-show-poteoa» antolatu dute txosnagunean. Bukatutakoan, afaria egongo da. Txartelak bost euroan egongo dira salgai bertan. Tripa ondo beteta, eta ospakizuna behar bezala amaitzeko, Honat eta Pixontxis taldeen kontzertuak izango dira gauerditik aurrera.

Markinako jaiak
ARGAZKI LEHIAKETA

Udalak argazki lehiaketa antolatu du; jaietako egitarauan agertzen den edozein jarduerari argazkia aterata, edonork parte har dezake. Onena 2014ko Karmen sarien programaren azalean agertuko da.

TXOSNA EGUNA

Herriko Txosna Batzordeak ondo pasatzeko egitarau oparoa prestatu du astelehenerako. Kuadrillen arteko pentatloia, bertso-triki-poteoa, afaria eta kontzertuak izango dira txosnagunean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo