berria.info | Ivan Santamaria 2013/7/9
«Welcome to the jungle»
Iritsi da zero ordua: ultraaktibitate mugagabearen aroa amaitu da Hego Euskal Herrian. Atzodanik 350.000 langileren baldintzak airean geratu dira. Hitzarmen askoren iraupena amaitu da, eta lurralde ezezagun baterako bidea hartu dute lan harremanek.
Hauxe zen lan erreformaren helburu nagusia: barne debaluazioa erraztea. Eufemismo horren atzean zer ezkutatzen da? Bada, lehiakortasuna handitu ahal izateko prozesua soldatapekoen bizkarretik egitea, haien soldatak eta lan baldintzak murriztuta.
Estrategia arriskutsua da. EAEko ekonomiaren %63 familien kontsumo pribatua da. Esan liteke eutsi dion faktore nagusietako bat izan dela, kopuru hori ia lau puntu handitu delako krisia hasi zenetik. Ekonomia esportatzaile bat indartzea helburu laudagarria da, baina barne kontsumorik gabe ez dago irteerarik. Soldata jaitsiera orokor batek hazkundea are gehiago zamatuko luke.
Ultraaktibitatearen amaieran zer gertatuko den aurreikustea zaila da. Neurri handi batean, enpresen eta patronalen jokabidearen araberakoa izango da. Baldintzen aldaketa bortitza nahi badute, biderkatu egingo dira lan gatazkak. Hiru ondorio lituzke horrek: judizializazio etengabea; lan aholkularientzat pagotxa; eta, ziur asko, sindikatuen afiliazio kopuruak handitzea, batez ere enpresaz enpresako borroka tenkatzen bada. Lan harremanak zenbat gaiztotuko diren denborak esango du. Oihanaren legean indartsuena nagusituko dela ohartarazi dute sindikatuek. Hala bada, «welcome to the jungle».