GARA > Idatzia > Euskal Herria

Anai Arteak iheslarien atxiloketen aurka mobilizatzeko deialdia egin du

GARA |

Anai Arteak azken egunetako Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboko hiru partaideren arrastatzea kondenatu zuen. Madrilgo gobernamenduak eskaturik eginak izan direla oroitarazi zuen, eta gobernamendu horrek ez duela bakerik nahi, «pentsatuz jendeak gehiago bere alde egingo duela euskal borroka luzaraziz».

«Frantziar gobernamenduak eta tribunalek bakearen ahalbidetzeko ernatu behar dute, baitakite oraingo kasuan bereziki iheslarien kontrako frogak torturaren bidez bilduak izan direla», ohartarazi zuen agiri batean duela berrogei urtetik gora euskal iheslari politikoak ahal bezainbat sostengatzen dituen elkarteak. Dokumentua ostiralean kaleratu zuen, Jon Anzaren heriotzaren eta desagertzearen izapideak egiteko ardura duen epaile Miryam Viarguesek, kasuan irregulartasunak daudela onartu arren, artxibatzea erabaki zuela jakin aitzinetik.

Ezkortasuna ez laguntzeko

Torturak aipatzean, Jokin Aranalderen egoera jarri zuen Anai Arteak adibide adierazgarri gisa: «Francoren denboran torturatua izan zen eta duela hamar bat urte ere bai, oraingo bere burua hain demokrata daukan espainol zuzenbide Estatuan».

Estradizio bakoitzak espainiar Estatuaren «ezkortasun hori lagunduko» duela ikusten du elkarteak, eta horregatik, «hori arduradun guziek entzun dezaten», Bake Bideak antolatu duen manifestazioan parte hartzeko deialdia egin du, datorren larunbatean, 16.00etan Baionako Euskaldunen plazan hasita.

Bertze gauza batzuen artean, Anai Arteak frantziar administrazioan paperak lortzen lagundu izan die iheslariei, eta urtetan, baita egun ere, ikusi du errefuxiatuen gorabeherak frantziar eta espainiar estatuen tratuen araberakoak izan direla: «Errefuxiatuen estatutua kentzea, familietarik urruntzea, estradizioa, kanporatzea, deportazioa, GALen estatu terrorismoa, eta, azkenik, euroaginduak onartzea».

«Askotan, iritzi eskubidearen kontra egiten zutela garbiki jakinik ere, errepresioa izan da beti helburu bakarra, euskal gatazkaren egiazko konponbide bat baztertuz», elkarteak ostiraleko agirian salatu zuenez. Alta, orain, Aieteren ondotik, ETAk bakearen bidea bere aldetik hartua duelarik, frantses Gobernuak «beti bide beretik segitzeari ezin konprenituzkoa» deritzo.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo