GARA > Idatzia > Kultura

UDATE | Iruñeko Sanferminak

Ehunka lagun elkartu ziren Alde Zaharreko kaleak euskal kantuz janztera

Iruñea Kantuzek deialdia bota eta herriak erantzun egin zuen. Eguerdian, ehunka lagun elkartu ziren Iruñeko Alde Zaharrean euskal kantarik ezagunenak abesteko. Behin kalejira amaituta, San Jose plazan jarri zuten kanpalekua, indarberritzeko bazkari ederra egiteko.

Aitor AGIRREZABAL |

Euskarak sanferminetan lekua duela argi geratu zen atzo. Alde Zaharreko kaleak izan ziren horren lekuko. Iruñea Kantuz-eko kideak Santiago plazan elkartu ziren eguerdian eta euskal kantarik ospetsuenak ekarri zituzten gogora.

Hasiera ez zioten leku makalean eman; Udalaren atzealdeko atean bertan egin nahi izan zuten lehenbiziko kanta, gerturatutakoei «Agur jaunak» eskainiz. Goizeko lehenbiziko txalo zaparrada izan zen segidan. Hasiera- hasieratik, ehunka pertsona zeuden Santiago plazan bilduta, eta behin ibilbidea hasita, are eta gehiago batu ziren kanten doinura. Kalejirak euskaltzale asko elkartu zituen ia hiru orduko saioan. Hala ibili ziren «kalean gora, kalean behera», geldialdi laburrak eginez kantak martxan jartzeko.

Hilabetero, hilaren lehenbiziko larunbatean elkartzen dira euskal kantak gogora berreskuratzeko. Atzo, aldiz, bigarren larunbata zen, hilaren 6an ez irtetea erabaki zuten eta. Txupinazo egunean horrelako talde bat Iruñeko kaleetan mugitzea ezinezkotzat jotzen zen. Astebete atzeratzea oniritzita, lagun askok gozatu nahi izan zuten, festetan ere, ikuskizun honetaz. Ikusleez gain, parte hartzea ere zabala izan zen.

Nafarroako hiriburuko kaleak euskaraz margotzea ez da gauza erraza, eta ekimen honek hilabetero hainbat euskaltzale erakartzeak Iruñeak euskararekiko duen loturaren erakusle da. Euskararen normalizazioaren alde ari dira 2005ko irailetik.

Alde Zaharreko kaleak ongi girotuta, eta beroari aurre egiteko asmotan, San Jose plazara abiatu ziren, atseden hartzeko eta aparteko bazkariarekin jaiari segida eman ahal izateko. Herri bazkarietan ez da kantu saiorik falta izaten eta honetan ere halaxe gertatu zen. Ongi uztartutako ahotsek bazkariari kolore berezia eman zioten arratsaldeko lehenbiziko orduetan.

Euskarak hiri honetan duen bide zaila aintzat hartuta, ez da marka makala atzo batutako lagun taldea batzea eta hilabetero honelako ohitura bat mantentzeak hizkuntzari egiten dion ekarpena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo