GARA > Idatzia > Kultura

UDATE | IPAR EKHIAN

«Allons enfants de la Patrie»

Jon GARMENDIA | Idazlea

Allons enfants de la Patrie, le jour de gloire est arrivé!», goazen aberriaren seme-alabak, loriaren eguna iritsi da eta. Hala hasten da «La Marseillaise», 1795eko uztailaren 14an Frantziako ereserki nazional izendatua. Hiru urte lehenago Claude Joseph Rouget de Lisle poeta eta autore dramatikoak idatzi zuen, 1789ko uztailaren 14ko Bastille Saint-Antoineko hartzeari oles eginaz. Herritarren iraultza eta ideia liberalen garaipentzat eman zenak ez zion askatasun handiagorik ekarri Frantziako administrazioaren menpe zeuden lur eremu anitzi; Ipar Euskal Herriari bere eskumen eta antolakuntza manerak ebatsi zizkion, adibidez. Gaurko egunak Frantziako gau iluna su artifizialekin argituko duenean, bere herritarren zein kopuruk jakinen ote duen festa honen jatorria, zalantza horrekin nator; Inguruko lagunekin proba eginik, ez dira gai izan festaren oinarriarekin ados jartzeko, baina, noski, ene lagunak Euskal Herriko ipar-ekialdean sortuak dira, ez Frantziako hegoaldean. Eta jai horrekiko kontrakotasunik bada hemen; agian, horregatik pasarazi zuen Nikolas Sarkozyk banderari laido egitea eta ereserkia iraintzea biltzen zituen legea 2003an. Eta «La Marseillaise» ez ezagutzearekin lotua da 2005eko Fillon legea, zeinak ereserkiaren ikastea derrigorrezko bilakatzen duen oinarrizko hezkuntzan. Lagunetako batek festa hau zergatik ospatzen den ez dakiela aitortu dit, zalantza du lehen errepublika eta hirugarrenarekin. Beretzat jai egunak motibazio bat duela onartu dit, urteko egun bakarra baita ostatuek gau osoan zabaldu dezaketena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo