GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

harri-jasotzea | Nafarroako Harri-jasotze Txapelketa

Unai Bertizek harri guztiekin erakutsi du nagusitasuna

Hamar jasoaldiko aldea atera zion bigarren postuan sailkatu zen Xabier Ariztegiri, eta 18koa, berriz, hirugarren amaitu zuen Xabier Igoari.

p036_f03_148x104.jpg

Jon LEUNDA

Ez zen ustekaberik izan atzo Iruñean jokatu zen Nafarroako Harri-jasotze Txapelketan. Unai Bertizek aparteko arazorik gabe eskuratu ahal izan zuen txapela. Hiru harri-jasotzaile aritu ziren nor baino nor, eta bakoitzak 125 kiloko zilindro kopa, 112,5 kiloko kubikoa eta 100eko bola erabili behar izan zituen; bakoitzarekin bi minutuko txanda izan zuten lanerako.

Unai Bertiz zen garaipena lortzeko faboritoa, eta Sunbillakoak harri guztiekin menderatu zituen gainerakoak. Zilindro koparekin hasi zuten neurketa, eta Bertizek 22 aldiz berdindu zuen harria bizkar gainean. 18 aldiz jaso zuen Ariztegik, eta 15 aldiz Igoak. Lehen saioaren ostean, amaierako sailkapena nola geratuko zen ikus zitekeen, eta horrelaxe izan zen, ez baitzen aldaketarik izan.

Bigarren harria kubikoa izan zen, eta berriro ere Bertiz izan zen nagusi. 14 aldiz berdindu zuen harria bizkar gainean. Ariztegik bi gutxiago eman zizkion, eta lau gutxiago, berriz, Xabier Igoak.

Saioa amaitzeko bola bakarrik falta zitzaien, eta hor ere ez zen aldaketarik izan; aurreko harriekin izandako emaitza izan zen. 18 aldiz jaso zuen Bertizek, 14 aldiz Ariztegik, eta 11 aldiz Igoak. Horrekin dena erabakita geratu zen, eta Unai Bertizek jantzi zuen txapela. Josetxo Urrutia ere parte hartzekotan zen atzo, baina min hartuta dago, eta ezin izan zuen atzo Iruñean jokatu zen finalean lanean aritu.

Txingak

Emakumezkoen txinga finalean Xanta Sousak irabazi zuen. Bost neska lehiatu ziren, eta bakoitzak 25 kiloko txingak erabili behar izan zituen esku bakoitzean. Lesakan bizi den brasildarrak lan bikaina egin zuen, eta lau plazako aldea kendu zion Nagore Diaz iturendarrari.

Gaur eguerdian azken bi finalak jokatuko dira, gaur amaituko baitira aurtengo sanferminetako jaialdiak. Garrantzitsuena aizkorako binakako finala izango da. Nazabal eta Erasun, Rekondo eta Larretxea eta Lopez eta Senosiain I.a neurtuko dira. Bikote bakoitzak sei kana-erdiko, eta beste horrenbeste 60 ontzako ebaki beharko ditu.

Orga-jokoko finala ere izango da gaur eguerdian Iruñean, eta han, Bujan, Petriarena, Zugarrondo eta Callaghan lehiatuko dira, herrialdeko txapela lortzeko asmotan.

Hutsunea

Josetxo Urrutia ere atzoko finalean izatekoa zen, baina min hartuta dago, eta ezin izan zuen Iruñean jokatu zen finalean parte hartu. Gaur jokatuko den San Andres sariketan ere ez du parte hartuko.

Sousa

Lesakan bizi den Sousa brasildarrak ere ez zuen hutsik egin, eta berak irabazi zuen Nafarroako nesken txingatako finala, nagusitasun osoarekin. Lau plazako aldea atera zion bigarren sailkatu zen Diazi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo