GARA > Idatzia > Kultura

UDATE

Ustelarekin dantzan

 

 

 

Anartz BILBAO

Atertu arte gordeta egon eta neguko jantzita agertu gara Kobetamendiko bigarren jardunera. Sanferminetatik bueltan jaialdiratu zaizkigun britainiarrek badakite orain, musikan ez ezik, eguraldian ere bat egiten duguna beraiekin.

Gurean ez du kanpoan duen sona Kings of Leon taldeak, baina herenegun, euriak euri, 32.000 zale batzeko besteko erakarpen-indarra izan dute. Followilldarrek (hiru anaia eta lehengusu bat dira taldekide) rock musika jorratzen zuten orain hamarkada bat, 2003an «Youth and Young Manhood» debuteko lana ezagutarazi zigutenean, baina apurka-apurka, tximak moztu eta bizarra egitearekin batera, soinua araztu eta gozatu dute; indie-ak ei dira orain. «The Bucket», «Radioactive» -«Come around sundown» azken lanetik ez dute askoz gehiago jo-... gaueko izar nagusiak indartsu hasi eta hit ezagunenekin zarratu du ikuskizuna, «Use somebody» eta, nola ez, «Sex on Fire» kantekin.

Argi jolas bikaina ekarri dute... festibalzaleak argiztatzeko; Caleb abeslaria izan ezik, taldekideak -bost dira zuzenean- ilun antzean dira-eta. Tarteka rock gitarrak aditzen dira, baita dantza erritmoak eta maitasun baladak ere. Soinua balekoa da eta kanta zerrenda -hogei bat abesti guztira- ondo hautatua du irailean «Mechanical Bull» lan berria argitaratzekoa den taldeak; aurrealdeko zaleak kantari dabiltza, gustura. Bukaeran baina, aspergarri samarrak suertatu ez ote diren zalantza piztu zaigu. Irribarre bakarra ikusi dugu Caleben aurpegian. Hotza da taldea, non dute zirrara?

Zalantza barik, gaueko eta kasik jaialdiko emanaldirik onena ez bada dantzagarriena PiL taldeak eman du. Public Image Ltd. John Lydonek -edo Johnny Rotten (ustela)- 1978an sortu zuen, Sex Pistols taldea hil eta gero. Hiru hamarkada geroago, urte asko mutu egon eta gero, post-punk taldeak eman ditu jaialdiko doinu ausart eta bizigarrienak Kobetamendin. Ikaragarri puztu den Jontxu Ustelek Scott Firth (bikain baxuan), Bruce Smith (baterian) eta Lu Edmonds (gitarrak eta gitarra antzekoak) ditu ondoan. Hasieratik («This is not a love song») bukaerara arte («Rise» eta «Open up») -ikaragarria «Warrior» ere- rave ikaragarria piztu eta zelaiak dantzan jarri dituzte.

Oholtza nagusira jo baino lehen, atarikoan zabaldu eta itxi dugu gaua, une atseginenak ematen dizkiguna. Gary Clark Jr. dotorea entzun dugu lehenengo -berandu hasi da, pilatutako euri ura zela-eta-. Eskola zaharreko blues musika gaurkotzen du, Epiphone zein Stratocasterrari txinpartak atera eta soul ahots leunez. Intro luze baten ostean «Don't Owe You a Thang» kantak ireki du gora eta gora zihoala erdialdean utzi behar izan genuen emanaldia, Kings of Leon hastear zirela eta.

Eta bi talde nagusien artean, Johnny Borrell & Zazou-k bakarkako egitasmoa du bertan aurkezgai, laukote xelebrean. Oholtza gaineko anplifikadore batean ikurrina bat paratu dute; «Kanta batzuk Ipar Euskal Herrian sortuak dira eta euskaraz aurkeztu nahi izan ditu», diosku taldearen izenean mikrofonora hurbildu den neskatoak. 70eko hamarkadako Rolling Stonesen antza dute, eta Them taldea gogorarazi digute soinuan. Dylanen «Man gave names to all the animals» ere eman dute. Borrellek milioika disko saldu ditu Razorlight taldeko abeslari zela, eta Kirsten Dunst («Spiderman») antzezlearen bikote izana da. Prentsa arrosarekin jarraituz, atzo Klaxonsek jo zuela-eta, abeslariaren emazte Keira Knightley («karibetar pirata») ere Kobetamendin ei zebilen herenegun....

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo