GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

SEGA Gipuzkoako abiadurako finala

Otamendik eman du ezustea nesketan txapela lortuz

Gizonezkoetan, Juan Joxe Lizasok lortu zuen garaipena, bigarren sailkatu zen Bixente Mitxelenari16 segundoko tartea aterata. Garmendia, hirugarren.

p033_f01_97x104.jpg

Jon LEUNDA

Juanjoxe Lizasok eta Ainara Otamendik irabazi zuten herenegun Zizurkilen jokatu zen Gipuzkoako Nazioarteko Erako Txapelketa. 200 ikusle pasa batu ziren norgehiagoka ikustera. Mutilek 100 metro karratuko sail bana ebaki behar izan zuten, eta neskek, berriz, 50 metro karratuko bi.

Nesketan lau aritu ziren, eta faboritoen artean zegoen Alaitz Imaz. Berak irabazi berri du Almitza Elkarteak antolatzen duen Euskal Herriko Liga, baina herenegun hirugarren postuarekin ase behar izan zuen. Ezustea Ainara Otamendik eman zuen, berak jantzi baitzuen txapela. Hori bai, borroka estua izan zuen Alatzne Etxaburuarekin, segundo bakar batek erabaki baitzuen auzia.

Mutiletan, berriz, Lizasok irabazi zuen. Tartean, azken orduko hutsuneak ere izan ziren. Iragarri genuen bezala, Esnaola ez zen bertan izan, orkatilan arazoak baititu, eta ez da ahaztu behar datorren larunbatean jokatuko dela Euskal Herriko finala. Beste izen garrantzitsu batzuk ere falta ziren.

Hala ere, Lizaso irabazteko faboritoen zerrendan agertzen zen, eta aiarrak ez zuen hutsik egin, bigarren sailkatu zen Bixente Mitxelenari 16 segundoko tartea atera baitzion. Garmendiak osatu zuen podiuma. Baliarraingoak lan bikaina egin zuen, eta lehen postutik minutu erdira geratu zen eta Alkortari segundo bat ateraz.

Gaur, berriz, Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako jardunaldia jokatuko da Amorebietan. 12.30etik aurrera, Larreako belardietan Aitzol Atutxa eta Ugaitz Mugertza lehiatuko dira. Norgehiagoka oso polita iragartzen da, eta are gehiago lehen jardunaldian biak garaile atera eta gero. Bizkaitarra aterako da faborito, baina mutrikuar gazteak behin eta berriz erakutsi du lantegi hauek primeran doazkiola, eta bera ere oso kontuan hartu behar dela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo