ZORNOTZAKO JAIAK
Umeak, antzerkia, musika eta kirola dituzte jaiek ardatz
Alvaro HILARIO | ZORNOTZA
Abian ditugu Club Deportivo Zornotzak atzo irakurritako pregoiak (besteak beste, dagoeneko tradizio handikoa den Zornotza Nazioarteko Krosaren antolatzaile lanaren errekonozimendu gisa) hasitako Zornotzako Karmengo jaiak. Datorren asteko larunbatean, uztailaren 27an, amaituko dira eta ehun ekitaldi inguru dituzte aurreikusita.
Ohikoa denez, udalerriko elkarteen eta taldeen lankidetza izan du Udalak, eta buru-belarri aritu dira zornotzarrak gustu eta edade guztietarako jarduera ludikoetan murgil daitezen.
Musika eta kirol jarduerak
Asko dira Zornotzako Udalak nahiz Txosna Batzordeak programatutako musika ekitaldiak. Horrela, Zubiondo plazak hainbat kontzertu hartuko ditu: atzo, Kataluniako Bongo Botrako taldea jardun zen aurten kaleratutako diskoa aurkezten; gaur, berriz, 21.30ean, ospetsu egin den Kalakan talde lapurtarra izango da; uztailaren 25ean, 22.45ean, Memoria de Pez taldeari iritsiko zaio txanda.
Bertsolariak eta dantza egitekoak ere izango dira: Arkaitz Estibales, Julio Soto, Iker Zubeldia eta Oihana Bartraren ekitaldia uztailaren 22an gaueko 21.00etan Herriko plazan; Gozategirena Zelaieta parkean uztailaren 21ean, gaukeko bederatzietan, eta Saya Sangidorj piano-jotzailearen ongintzazko kontzertua Zornotza Aretoan, uztailaren 25ean.
Nabarmentzekoa da ere gazteentzako Zu Zeu Artista! eszena proposamenen tokiko lehiaketaren laugarren edizioa. Hilaren 25ean izango da, iluntzeko 20.30ean, Zubiondo plazan. Ezin alde batera utzi, bestalde, hilaren 27an gaueko hamarretan egingo den Diskofesta. Zubiondo plazan izango da hori.
Kirolari dagokionez, badira umeek zein nagusiek parte hartzeko ekitaldiak nahiz ikustekoak: herri kirolak, xake eta tenis txapelketak, arku-tiroaren lehiaketa, kuadrillen arteko piragua jaitsiera Ibaizabalen, herriko pala eta esku-pilota txapelketak, umeen bizikleta-martxa, Amorebieta IV.a pilotalekuan izaten diren profesionalen arteko pilota-partidak, eta abar. Ildo beretik, ezin ditugu ahaztu Zornotza Xake Klubak antolatutako aldi bereko 50 xake partidak Bizkaiko txapeldun Jon Axel Goiriaren aurka. Uztailaren 19an izango dira, osteguna, 17.00etan, Zelaieta parkean.
Hurrengo ostegunean, hilaren 25ean, iluntzeko 19.00etan, Urritxeko futbol zelaian, bigarren B mailako Sociedad Deportiva Amorebieta taldearen aurkezpen partida eta Amorebieta-Etxanoko Udalaren III. Trofeoa jokatuko dira.
Zornotzako jaietan ondo pasa nahi duten umeek ere hainbat jolas, kirol eta musika jardueraz gozatzeko parada izango dute: hilaren 16an, Zelaieta parkean, antolatuko den abentura-parkea, Umeentzako II. Scalextric Txapelketa (uztailaren 23an, AESKen Txiki Otaegiko lokalean), puzzle lehiaketa (uztailaren 23an, 18.00etan, Herriko plazan), umeentzako arrantza-txapelketa (25ean, goizeko 9.00etan, Ibaizabalen) eta ohiko umeen danborrada (hilaren 19an, 19:00etan), besteak beste.
1940ko hamarkadan sortua, Bizkaiko zaharrena ei da Zornotzako danborrada. Orain dela hamar bat urte, Abes Kimu abesbatzak hartu zuen bere gain hori antolatzeko ardura.