GIZA-PROBA
Orioko eta Berrobiko taldeak sailkatu dira Gipuzkoako finalera
J.L.
Orioko eta Berrobiko taldeak sailkatu dira abuztuaren hasieran Aian jokatuko den finalera. Itzulerako saioa izan zen Mendaron, eta Oriok lehen jardunaldian lortutako emaitza baieztatu egin zuen eta finalerako txartela lortu. 48 plaza pasa egin zituzten oriotarrek.
Berrobik gauzak zailago zituen, baina hauek ere ez zuten hutsik egin, eta Oriok baino metro gutxi batzuk gutxiago egin zituzten, eta bigarren postua lortu, baina horrek azkeneko saioan aritu ahal izateko txartela eman zien. Deba eta Mendaro, berriz, kanpoan geratu ziren. Azkeneko ekinaldian, Urretxu eta Aitzondo arituko dira Oriorekin eta Berrobirekin batera. Guztira, zazpi talde aritu dira aurtengo txapelketan.
Harri-zulatzea
Harri-zulatzaileen Euskal Herriko Ligako bigarren jardunaldia jokatu zen herenegun, eta garaipena Trapagaranek lortu zuen, 14 zulo eta 8,6 metroko marka eginda. Bigarren Kabiezes sailkatu zen, 14 zulo eta 3,1 metro eginda. Hirugarren, Las Karreras, A, 13 zulorekin; laugarren, Burdin Gazteak, 11 zulo pasarekin; bosgarren, Errekatxo, 11 zulorekin; eta azkena, Las karreras B, 10 zulo pasarekin. Sailkapen nagusian, Trapagaran dago lehenengo 11 punturekin, eta Burdin Gazteak bigarren, 9rekin.
Harri jasotzen, Soraluzeko San Andres sariketa jokatu zen herenegun, eta Izeta III.ak lortu zuen garaipena. 100 kiloko lehengo zilindro zaharra erabili zuten, altuera oso gutxi duen harria, bost minutuan. Lau ziren jardutekoak, eta lau jardun ziren, nahiz eta aldaketak egon ziren. Urrutia eta Aranburu ez ziren bertaratu, eta horien ordez Galarraga eta Aitza joan ziren.
Garaipena Izeta III.ak eskuratu zuen, 44 jasoaldi eginda. Bigarren postuan, Urruzono sailkatu zen. Bizkaiko txapeldunak jasoaldi bat gutxiago egin zuen. Hirugarren sailkatu zen Galarraga, eta honek 22 aldiz altxatu zuen harria, eta azkena Aitza izan zen, 20 jasoaldirekin.