GARA > Idatzia > Kirolak> Tour

Amets TXURRUKA | Caja Rural RGA taldeko txirrindularia

Atseden eguna... lanean

Egunotan hartutako jipoien ondoren merezita dute atsedena txirrindulariek. Atseden egunak, etapa egun normaletatik bereizten diren arren, ez dira izaten guztiaz ahaztu eta tripaz gora egoteko egunak. Lana egin beharra dago. Egia da ez dela etapa bateko intentsitaterik eta urduritasunik izaten, baina txirrindularietatik hasi eta gainerako taldeko langileetaraino erlaxatzeko tarte handirik ez da izaten.

Eguneroko errutinatik larregi ez aldentzea izaten da helburuetako bat txirrindularientzat, atseden hartu bai baina gorputza larregi erlaxatu ez dadin eta eguneroko erritmo horri eusteko. Gosaria ordu zehatzik gabe egin ohi da eta gosaldu ondoren, denbora libre tartetxo bat izaten da entrenatzera irten aurretik. Eskertzen da maletak egin eta dortsalik ipini beharrik ez izate hori, Internetez munduaren berri jaso edota etxekoekin egoteko tartetxo lasai hori. Hala ere, azkar pasatzen da eta konturatu ordurako bizikleta gainean berriro. Gorputza larregi nagitu ez dadin estutu txiki bat eman eta izerdi apur bat ateratzea komenigarria da. Bazkaria (hiru astetan bazkalduko den egun bakarrak atsedenekoak izanik) eguneko une goxoetakoa da, jarraian datorren siesta orduarekin batera. Gaur egun, talde gehienek sukaldaria dute eta honen ardura izaten da zerbait berezia egitea. Atzo Markelek komentatzen zidan: «Mont Venoux-era bidean erretako ia 7.000 kJ-en ondoren, gustora jango xuat sukaldariak prestautako hamburgesia!»

Baina behin siesta egin ondoren, etapa ondoren bateko errutina berriz ere, masajea, afaria eta biharamuneko etapa aztertu ondoren goiz lotara. Gauza onak azkar bukatzen dira!

Txirrindulariek bere lana goiz partean egiten dutela esan dut, baina taldeko beste kideek ere egunean zehar fin egin behar izaten dute lan. Aurrez aipatu dudan legez, sukaldariak egun berezi honi bere grazi puntua jartzeko zerbait berezia prestatzen ahalegina egin ohi du. Masajistek goiz partean ibilgailuak garbitu eta biharamuneko jan-edana prestatu, arropak garbitu eta antzekoak egiten dituzte arratsaldean lasaixeago masajea eman ahal izateko. Mekanikariek bizikletei errepasoa egin, tubular eta gastatutako piezak aldatu eta den-dena puntuan jartzeko kontu handiagoz aztertzen dituzte bizikleta guztiak banan-banan.

Zuzendariek egindakoa aztertu eta aurrera begira geratzen diren etapetan hartu beharreko jarrera erabaki eta taktika prestatzen dute. Askok txirrindularien gelatik pasa eta beraiekin hitz egiten dute nola dauden jakin eta aurrera begira motibazio estra bat sortu nahirik. Mediku, fisioterapeutak eta osteopatak kirolarien gorputz hautsiak berregiten saiatzen dira. Eta taldeetako managerrak babesle, gonbidatu, eta abarrekin egon eta aurrera begira etorkizuna bideratzeko lanetan aritzen dira. Txirrindulari askoren managerrak ere egun hau profitatzen dute datorren denboraldirako kontratu luzapenak eta talde aldaketak negoziatzeko.

Mugimendu handia izaten da... Atsedenarena izena besterik ez duela esango nuke!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo