Maider Eizmendi Kazetaria
Begira, baina ez ikusiarena egiteko
Ez nituen zuzenean ikusi larunbat goizeko entzierroko irudiak eta hobeto; jende pilaketaren ondo- rioz dozenaka pertsona ez direla hil jakinda errazago mantentzen dira-eta begiak estali gabe telebistaren aurrean. Seguru nago zezen-plazaren atarian eta ia astebete lehenago Udaletxe plazan jasotako irudiak direla, ezbairik gabe, gehienontzat azken sanferminak labur- bilduko dituztenak, bai behintzat Iruñeko jaietako aztoramendua telebistaz baino bizi izan ez dugunontzat.
Ikurrina handiak askok nahi zuten kolorea jarri zion amorruak atzerarazi zuen suziriari. Balio izan zuen, baina saiatuagatik ez zuen balio izan ahaztuak edo behintzat gogorki salatuak beharko luketen jarrerak eragozteko. Teilatugainetik plazari begira jarri ziren «arrantzaleek» ikusi zituzten, noski, beste askok telebistatik ikusi genituen irudiak, emakumeei zuzenean egindako eraso sexistak, asaldatu gabe komunikabide askok bolo-bolo zabaldu dituztenak. Udaleko leihoko zirrikitutik amorruak jota begira zeudenek, ordea, ez zuten haiek ikusten asmatu. Ez? Euren behatz salatzaileak ez ditu behintzat egun argiz eta irria ahoan hartuta jardun duten erasotzaileak seinalatu. Datorren urterako segurtasun neurriak indartuko dituztela aipatu du Enrique Maya alkateak, bai, berriz ez du, antza, ikurrinik nahi plazan, hark begietara min egiten dio, ez zuzenean neskei arropa nola kentzen dieten eta ukitzen dituzten ikusteak.
Gutxien-gutxieneko, Mayaren jarrerak urdaila borborka jartzen dio bati, baina bestelakorik espero zuen inork? Agintari honen hitzek baino gehiago larritzen naute, irudion aurrean jaiak direla edota neskak ez duela larritasun aurpegirik erakusten ingurukoek aipatzea. Bai, haien partetik, akaso, gehiago espero dut. Oraindik kosta egiten zaigu begiak zabaldu eta parean jarritako hura ikusi eta onartzea eta hortik, agian, justifikatu beharko ez litzatekeen hori justifikatzeko joera. Eskuak luzatu eta ukitzeko asmoa erakutsi zuenak adina kentzen dit niri irri egiteko gogoa neskaren irribarrea aitzakia hartu eta aztoratu gabe irribarre egiten duenak.