Miren Harizmendi | Terapeuta, Iruñea
Foro Sozialaren gomendioak direla eta...
Pasa den maiatzaren 27an, bake prozesua indartzeko Foro Sozialaren baitan, Lokarrik, Bake Bideak eta hainbat eragilek publikoki aurkeztu zituzten bake prozesuari bulkadatxo bat emateko proposamenak. Laburbilduz...: «Elkarbizitzarako oinarri sendoak ezarriko dituen elkarrizketa eta berradiskidetze ariketa bat bultzatzea gomendatzen dugu, erakundeen, alderdi politikoen eta gizarte zibilaren partaidetza zabal eta aktiboaren bidez. Bereziki, bake prozesuaren erronka nagusiei heltzen lagunduko duten adostasunak lortzeko lan egitea gomendatzen dugu: Desarmea eta ETAren egitura militarraren desegitea, preso eta iheslarien itzultzea, giza eskubideen bermea, bai eta jazotako guztiari aurre egitea eta etorkizuneko elkarbizitzaren oinarriak ezartzea ere».
Edozein gatazkatan zein liskarretan, hauek eten ahal izateko borondatea lehenengo ezinbesteko baldintzatzat hartzen dut. Lehenik eta behin, borondatearen izaera pertsonala azpimarratu nahi nuke. Borondatea ez baita beste norbaitek inposa dezakeen zerbait, geure baitan sor daitekeen joera askatzailea baizik. Barruko ausardiak baino ezin dio geure benetako borondateari indarra eman... Ingurukoek zer pentsatuko ote dutenaren aurrean barne borondateari leku emanez eta tokia utziz, begirunez, duintasunez ...
«Bestearekiko» begirunea beste ezinbesteko baldintzatzat joko nuke. Askotan, pauso hau ez da batere erraza suertatzen, bizi izandako liskarraren oroitzapen mingarriak oso presente mantendu baitaitezke luzaroan. Horregatik, ezinbestekoa suertatzen da, batetik, nork bere min eta ondoezari behar eta merezi duen lekua ematea, tentu handiz, adeitasunez eta maitasun osoz, zauria, poliki-poliki desinfektatzearren eta orbaintzearren, eta, bestetik, besteengan eragin ahal izan dugun oinazea aitortzea eta, ahal den heinean eta arduraz, erreparazioa eskaintzea. «Besteari» begietara garbitasunez eta zintzotasunez begiratu ezin diogun bitartean zaila suertatuko da komunikazioa, hartu-emana.
Argi dago, gatazka bati amaiera eman ahal izateko umiltasunak paper erabakigarria betetzen duela, askotan harrokeriak eta botere goseak itsutzen ahal gaituelarik. Umiltasunaren indarra ikusezin bezain eragingarria suertatzen da, baina horretarako, jakina, borondatea ezinbestekoa dugu, borondatea eta eskuzabaltasuna.