GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Oier Lakuntza | Urdiain

Itsu baina pozik

Aurreko batean, senide batzuk betaurrekoen prezio altuaz eta tarteka-tarteka berriak egin beharraz hizketan ari zirela, «begira, niretzat buruhauste bat gutxiago!» bota nien nik, itsua izateari alde on bat aurkitu nahirik-edo. Badakit alde on horren atzean hainbat eta hainbat desabantaila pilatzen direla, baina guztia gero eta beltzago ikusten dugun garai honetan, nahiago dut alde positiboarekin gelditu.

Eta, egia esan, irudipena daukat, bizi dugun egoeran gero eta errazagoa egiten zaidala ez ikusteak izan ditzakeen alde onak aipatzea. Etxean bertan argia piztu beharrik ez, argindar faktura txikiagoa beraz! Telebistari begira egoteko arrazoi gutxiago, telezabor gutxiago barrura! Kalera irteten naizenean, gero eta denda itxi gehiago bazterretan, ikuskizun etsigarri hau ekidin dezaket behintzat! Gero eta jende gehiago langabezian eta kopetilun, aurpegi horiek denak ikusteak erabat goibelduko ninduke ni ere!

Errealitate ilun hori ez ikusteak nire baitan egoera lasaigarriagoak imajinatzeko aukera eskaintzen dit gainera: kale jan- tziagoak, gutxieneko segurtasun maila bat lortzeak ahalbidetzen duen lasaitasuna islatzen duten aurpegi alaiak... A ze luxua!

Beti bezala, bizi garen sistema honetan, diruak zehazten du guztia. Diruz gaizki gabiltzanean kezkagarri eta ilun ikusten duguna lasaigarri bezain argi sumatuko genuke diruz ongi bagenbiltza. Eta dirua aipatuta, ezinbes- tean lana aipatu behar... eta lana aipatuta, berau aurkitzeko zailtasunak datozkit gogora... Eta honi lotuta, itsua izatearen desabantaila bat, guretzat are zailagoa baita lana aurkitzea...

Baina tira, utz ditzadan gogoeta ilun horiek animoz sendoago nagoen beste baterako. Gaurkoz nahiago dut nire begien iluntasunean ikusmira alaiagoak imaginatzen jarraitu. Zenbaitetan belarriak ixteko gogoa ere sortzen zait, gaur egun berri ilunak baizik ez baititugu entzuten. Baina ez, ez naiz hain memeloa izango. Une oro errealitateaz jabetzeko zirrikituren bat uztea komeni da, oharkabean irentsi ez gaitzan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo