GARA > Idatzia > Kirolak> Tour

Markel IRIZAR | RadioShack taldeko txirrindularia

Ameslarion azken aukera

 

Orain dela hilabete eta erdi, bakoitza gure etxean ala altuerako kontzentrazioetan geundela, nork bere kalkulu eta testen datuak kontuan hartuta helburu jakin batzuekin ekin genion Tourrera begira gure prestakuntza hobetzeari. Esneketariaren kontuak bezala, pelotoi erdiak inoizko sasoi eta gorputzaldi onena zuela pentsatuz, ez dakit zenbat etapa, badakit nolako sailkapena, eta askotan, lortu ez ditzakegun jomugak jarrita, hasi genuen Korsikan lasterketa.

Eta behin atseden hartuta, eta Mateo Trentik irabazi zuen etapa ihesaldian iritsi den etapa bakarra izan zela kontuan izanda, Gap-en bukatu berri duguna, txirrindulari «arrunt»-ok, hau da, maldan gora ikaragarrizko mailarik ez dugunok, irabaztearekin benetan amets egin ahal genuen azken aukera izan da.

Atseden egunak ematen duen txispa estra hori dela medio, direnak eta ez direnak eman ditugu eguneko ihesaldian egoteko, eta behin bertan izango ez garela ikusi dugunean, batzuentzako Tour honetan etapa bat irabazteko izan genitzakeen aukera urriak xahutu ditugula konturatu gara. Nahiz eta ni bertan egon ez naizen, eguneko ihesaldian hiru taldekide nituen, eta nik lortzeko aukerarik ez nuen garaipen hori lortzeko esperantzarekin ibili naiz etapan zehar.

Azkenean, helmuga ikusten duenean barkatzen ez duen Portugalgo «killer»-ak, Rui Costak, eraman du Gapeko etapa. Kontsolatzeko, taldekako sailkapenean berriz ere aurrenak gaude, eta Pariseraino eustea zaila izango den arren, Parisko podiumean izan gaitezkeela pentsatze hutsak begiak bizi-bizi jartzen dizkit. Nire kasuan, nahiz eta nire egitekoa nire taldeburuen mesedetan lan egitea den, beti galdetzen diot neure buruari esna egiten diren amets horietan: «Eta zergatik ez? Eta ihesaldiak arrakasta izan eta azken unean erasota irabaziko banu?».

Nire aita bizi zela, beti esan ohi zidan amets egitea doakoa zela, eta batzuetan ametsetatik bizi ginela, eta aurrera egiteko kemen eta indarra amets horietan bilatu ahal genuela. Horrexegatik, nire amets txoro horietan, irabaziko banu nola ospatuko nukeen, aurreko taldean joango banintz nola eraso egingo nukeen eta bestelako gertaerak imajinatzen pasatzen nuen atseden eguna. Gaurko irteera gunean, jakin banekien posible zela txirrindularitzak niretzat horrelako momenturik gordeta ez izatea, baina sikiera, ez saiatzearen damurik gabe joan nahi nuen Arrasate aldera, zeren askotan amets egin dut horrelako une batekin, eta inoiz iritsiko den esperantzarekin jarraitu izan dut neure borrokan.

Gure ametsak aurrera dirau, eta gaur, segur aski, ihesaldi bat gauzatzeko azken aukera xahutu dugun arren, taldekako sailkapena irabaztea dut orain amets, eta lortzea ikaragarri zaila izango den arren, doan eta libre denez, Parisko podiumeko gorenean nire taldekideekin nagoela amesten dudan bitartean, lo goxo egitera noa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo