Iparraldeko 23 elkarte diruz lagundu ditu Euskal Monetak
Seaska, Bizi!, hainbat ikastola, Hegalaldia, Suhiltzaile Solidarioak, Herrira eta Txirrind'Ola dira, besteak beste, atzo Euskal Monetaren eskutik dirua eskuratu zuten elkarteak. Bost hilabetez trukatuak izan diren 170.000 euroei esker, Euskal Monetak 5.171 eusko banatu zituen 23 elkarteren artean. Horiek ukan dituzten erabiltzaileen babesen eta baliatu diren euskoen arabera egin da diru banaketa. Bizi! mugimenduak ukan du gehien, 555 eusko, hain justu.Ainize BUTRON |
Bost hilabete daramatza martxan eusko moneta berriak, Ipar Euskal Herriko komertzioetan, enpresetan eta moltsetan ibilki. 170.000 euro trukatuak izan dira euskoetara bost hilabete horietan, eta, horri esker, moneta berria bultzatu duen Euskal Moneta elkarteak lehen etekinak banatu zituen atzo hogeita hiru elkarteren artean. Orotara, 5.171 eusko emanak izan ziren; horiek, izan ere, euskoa sortu zenean finkatua izan zen elkarteekiko elkartasun atalaren baitan sartzen dira.
Mendi Esteban Euskal Moneta elkarteko kideak euskoaren funtzionamendu eta diru banaketaren zergatia gogorarazi zituen: «Erabiltzaileek dituzte elkarteak izendatu, eta erabilia izan den zamaren arabera banatua izan da euskoa».
Izan ere, erabiltzaileek, Euskal Monetaren karta hartzean, euskotan trukatuko duten diruaren %3 zein elkarteri ematen dioten zehazten dute. Eta, ondotik, zenbat eta erabiltzaile aktiboagoa izan, orduan eta diru zama handiagoa izaten du elkarteak. «Euskoen eta euroen artean egin diren transakzioen arabera kalkulatua izan da zama, eta enpresa edo komertzioak bezalako zerbitzu emaileek eman digute dirua, euskoak eurotan trukatzen dituzten aldi oro %5eko komisioa galtzen baitute», zehaztu zuen Estebanek. Atzo, Baionako San Andres trinketean egin zen ekitaldian, Mendi Estebanek banan-banan deitu zituen elkarteak, lortutako diru zama emateko.
Hogeita hiru elkarteen artean, Bizi! mugimenduak jaso zuen diru kopuru handiena, hots, 555 eusko. «144 babes lortu ditu, eta, Bizi!ri babesa eman dioten erabiltzaileek asko trukatzen dutenez, zama handia lortu du elkarteak», argitu zuen Euskal Monetako kideak.
Herrirak, berriz, 169 eusko ukan zituen, AEK-k 361 eusko, Hegalaldiak 216 eusko, Senpereko Ikastolak 154 eusko, Aldudeko Adur elkarteak 159 eusko, eta, azkenik, Seaskak 399 eusko lortu zituen.
Abenduan bigarren banaketa
Abenduan, berriz ere era bereko ekimena eginen du Euskal Monetak, eta ordurako, diru zama esanguratsuak banatuko dituela aurreikusten du. Horrenbestez, elkarteei babesa eman dioten erabiltzaile guztiak euskoak baliatzera animatu zituen Estebanek. Euskoa martxan jarri zenetik, izan ere, erabiltzaileek 341 elkarte ezberdin izendatu dituzte aldatu diru kopuruaren %3 eskuratzeko.
«Elkarte batek dirua eskuratu ahal izateko, 30 izendatze bederen ukan behar ditu, ematen zaion diru kopurua aski esanguratsua izateko», argitu zuen, berriz, Estebanek.
Azkenik, euskoa Bavaria hegoaldean dagoen Chiemgau eskualdean martxan dagoen «chiemgauer» moneta oinarri hartuta sortu zutela oroitarazi zuten. Gaur egun, lekuko elkarteen artean 50.000 chiemgauer banatzen dituela azaldu zuen, eta elkarteko kideak Euskal Monetaren asmoa zama horretara heltzea dela azpimarratu zuen.
Urtarrilaren 31n abiatu zen euskoa. Indarrean jarri zutenetik, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoan 2.000 biztanlek erabiltzen dute. Horietarik 202k eman diote babesa Seaskari.
Euskoak arrakasta handia ukan du sortu zenetik. Lau hilabetean, Euskal Monetak hiru urterako aurreikusiak zituen diru erreserbak baliatuak izan dira. Berriki, 350.000 eusko inprimatu dituzte.